Leire Murgialdai: "Askok behar dute entzuna izateko espazioa gizarte exijente honetan"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko mai. 24a, 11:53
Leire Murgialdai psikologoa. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Leire Murgialdai psikologoak bi astetik behin eskaintzen du doako bidelaguntza psikologikoa Orioko Ahalduntze Eskolan. Hitzordua hartu daiteke Ahalduntze Eskolan bertan edo 623 17 85 53 telefonora deituta. Ekainaren 19an izango du azken eguna, baina irailean, ikasturte berriarekin batera, berriz ekingo dio lanari.

Bidelaguntza psikologikoa eskaintzen duzu Orion, Orioko Emakumeen Ahalduntze Eskolak antolatuta. Zer-nolako kezkak dituzte emakumeek?

Berez, sistemaren arazo orokorrei lotutako kezkak dituzte emakumeek, prekarietateari eta patriarkatuari lotutako ondorioak: estresa, baliabide falta, harreman toxikoak edo indarkeriazkoak, indarkeria instituzionala, langabezia... Sistema patriarkalak gurutzatzen dituen askotariko arazoak nabari daitezke emakumeengan.

Zugana jotzen duten emakumeek zer aldarte izan ohi dute?

Emakume gehienak gogotsu etortzen dira, gertatzen zaiena kontatzeko beharrarekin. Beste batzuek, berriz, kuriositatea dute; zerbitzua eskaintzen dela aprobetxatuz, zertan datzan ikustera etortzen dira. Orokorrean, jendea irekita eta barruan duena partekatzeko gogoz etorri ohi da.

Zer-nolako terapia eskaintzen duzu? 
Psikologoa naiz, eta ez dut terapia eredu zehatz bat. Bizitzan zehar garatzen joan naizen erreminta desberdinak uztartzen ditut. Nik uste dut ikuspegia dela nire lan egiteko modua definitzen duena. Feminismoak erabat markatu du nire bizitza eta nire ibilbide profesionala. Beraz, esan dezaket terapia eta bidelaguntzak egiten ditudala ikuspegi psikosozial horretatik, humanista da gehien hurbiltzen naizen eredu psikologikoa, baina beti feminismoaren ikuspegia izaten dut presente.

Iruditzen zaizu gizarteak orokorrean behar duela entzuna izatea?

Bai, ez daukagu denborarik. Ekoizpenaren garaian bizi gara; oso arin doa guztia, eta gizartea oso exijentea da. Kapitalismoak berak ere jartzen gaitu bitasun batean: ondo nago edo gaizki nago. Gaizki banago pertsona zaurgarria naizela ulertzen du gizarteak, eta horrek eragiten du gure denbora lana egitera bideratzea, oinarrizko beharrak asetu ahal izateko. Gurpil horretan sartzen garenean, gure emozioak ulertzeko, gure burua zaintzeko eta atseden hartzeko denbora pribilegio bat bihurtzen da, ordea. Jende askok behar du espazio bat entzuna izateko gizarte exijente honetan, norbaitek begietara begiratu eta hor dagoela transmititzeko.

Exijentea hitza aipatu duzu. Emakume askok badute onenak izatea exijitzen zaien sentipena. Antzeman al duzu hori? 

Zalantzarik gabe. Zeharkako begirada feminista horrek asko laguntzen dit entzuten dudana ulertzen. Emakumeoi eskatzen zaizkigun eginbehar horiek daude ezinegon askoren atzean; denera heldu behar dugula sentiarazten digute, baita alor guztietan onenak izan behar dugula ere. Gainera, guk geuk egiten dugu hierarkia bat gure autobalorazioan. Ez dugu berdin baloratzen lanik onena edukitzea edo geure buruarekin harremanik onena izatea. Hain zuzen ere, hierarkia horretan alderdi materialari askoz garrantzi handiagoa ematen zaio emozionalari baino, eta uste okerra da hori. Jende asko dago lana ona, soldata handia, familia eta baloratzen diren hainbat gauza izanda, estresak edo antsietateak jota edo gainditu gabeko doluekin.

Norberaren sentimenduekin bat egiteko eta korapiloak askatzeko prozesua luzea izaten al da?

Bai. Hasieran etor gaitezke laguntza eske arrazoi bategatik, baina horrek atzean izan ditzake aspaldi gertatutako kontuak eta barruan geratu zaizkigunak. Beste batzuetan, ez gara ondo sentitzen hainbat faktorek eragiten dutelako. Saioetan hitz egitean lasaitu ahal dira emozio batzuk, baina arazoek hor jarraitzen badute, estresak jarraitu egingo du. Uste dut, zoritxarrez, ez zaiola ematen behar duen garrantzia buru osasunari eta baliabideak ere oso urriak direla. Zorionez, udalak hasi dira herritarrentzat doako zerbitzuak eskaintzen. Nik Orioko Ahalduntze Eskolarekin eta beste udal batzuekin egiten dut lan, baina oraindik ez dago aurrekontu handirik arlo horretarako. Osasungintza publikoan ere oso murritza da eskaintza psikologikoa, eta horrek baliabide klasista bihurtzen du entzuna izatea, oso jende gutxik eskura dezakeena.

Beraz, positibotzat jotzen dituzu horrelako egitasmoak, herritar guztiei irekiak direnak?

Bai, ni buru osasungintza publikoaren aldekoa naiz. Uste dut eskaini behar direla espazioak herritarrek ongizate indibiduala gara dezaten. Izan ere, sinesten dut ongizate indibidualak eramaten gaituela besteekin hobeto harremantzera, eta era berean, eraldaketa soziala eragiten duela horrek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!