Zourdine Thior: "Irain arrazistak jaso nituen, baina klubak ez dit inolako babesik eman"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko mai. 24a, 11:20
Zourdine Thior (Logroñes)

Thior Union Deportivo Logroñeseko jokalaria da, eta Amorebietaren aurkako partidaren ostean, familiarekin zegoela, irain arrazistak jaso zituen oriotarrak bere taldeko zaleengandik. Honek aurre egin zien "bere aita eta familia defendatzeko". Taldeak, ordea, bakartu egin du jokalaria.

Real Madril futbol taldeko jokalari Viniciusek Valentziaren aurkako partidan jasotako irain arrazistek gaia mahai gainean jarri dute, eta Zourdine Thior futbol jokalari oriotarrak Euskadi Irratian aitortu du berak ere jasan izan dituela aurtengo denboraldian irain arrazistak. Thiorrek, ordea, ez du bere klubaren, Union Deportivo Logroñesen, babesik jaso: bakartuta dauka taldeak, Amorebietaren kontrako partidaren ostean irain arrazistak egin zizkioten hainbat zaleri aurre egiteagatik.

"Futbol taldearen sare sozialetan irain arrazista asko jasotzen nituen, eta klubak ez du inoiz ezer egin. Gu jokalari profesionalak gara eta irudi ona eman behar dugu. Nire jarrera une horretan ez zen onena izan, baina ulertu behar da pertsonok gure mugak ditugula. Ez da onargarria partidaren ondoren nire familiarekin nengoenean hiru tipo etortzea irain arrazistak esatera. Nik nire aita eta nire familia defendatu nituen. Klubak, berriz, komunikatua argitaratu zuen taldetik bakartuta nengoela esanez. Ulertu dezaket nire jarrera gustatu ez izana, baina jokalariek jasaten dituzten irain arrazisten aurka daudela ere jarri beharko lukete ohar horretan. Hori falta izan zitzaidan niri, klubak babesa agertzea".

Thiorrek Euskadi Irratian aitortu du oriotarren babesa sentitzen duela. "Oriora bizitzera etorri nintzenean oso ondo hartu ninduten. Ni oriotarra sentitzen naiz eta nire kuadrillakoak oriotarrak dira. Oso gustura nago Orion".  

Euskadi Irratiak Zourdine Thiorri egindako elkarrizketa honako lotura honetan entzun daiteke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!