Hondartzako sorospen-zerbitzua aurreratu egin dute; datozen bi asteburuetan sorosleak izango dira

Andrea Zipitria 2023ko mai. 29a, 14:45
Hondartza airetik ikusita. (Orioko Udala)

Herritarrek eskatuta, sorospen-zerbitzua ekaineko lehen bi asteburuetan ere eskainiko da, eta denboraldiaren amaiera ere luzatu egingo da; iraileko azken hiru asteburuetan sorosleak hondartzan egongo dira.

Gipuzkoako kostaldeko herrietan bezala, Orion ere ekainaren 15ean irekiko da aurten hondartza-denboraldia, eta irailaren 15era arte iraungo du. Herritarrengandik jasotako eskaerari erantzunez, sorospen-zerbitzua luzatzea erabaki du aurten Udalak eta hala jaso du zerbitzua adjudikatzeko lizitazio berrian.

Hori dela eta, sorospen-zerbitzua ekaineko lehen bi asteburuetan ere eskainiko da (ekainak 3-4 eta 10-11), eta denboraldiaren amaieran ere bai, iraileko azken hiru asteburuetan (16-17, 23-24 eta 30-urriak 1).

Antillako kabinak

Antillako kabinak, aldiz, ohi bezala izango dira martxan, ekainaren 15etik irailaren 15era. Egunero egongo dira zabalik, ondorengo ordutegian: 11:00etatik 22:00etara. Zentzu horretan, komunak eta dutxa hotzak doakoak izango dira.

Aulkiak, surf-taulak eta eguzkitako aterkiak takiletan uzteko aukera ere egongo da, eta prezioak honakoak izango dira: aulkiak, paipoak eta eguzkitako aterkiak takiletan uzteko eguneko prezioa 60 zentimokoa da, asteko prezioa 2,50 euro, hilabete osokoa 7,50 euro eta denboraldi osokoa 20 euro.

Bestalde etzaulkiak eta surf-taulak takiletan uzteko eguneko prezioa 80 zentimokoa da, asteko prezioa 4,50 euro, hilabete osokoa 12,50 euro eta denboraldi osokoa 30 euro.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!