Ekainerako saskibaloi saio irekiak antolatu ditu ZAST elkarteak

Andrea Zipitria 2023ko mai. 31a, 12:30
ZASTek antolatutako saskibaloi saio irekietako bat.

Ekainaren 5etik 21era bitartean izango dira saioak, Karela kiroldegian. LH5 eta LH6 mailako gaztetxoek izango dute parte hartzeko aukera, eta doakoak izango dira saioak.

Ekainean saskibaloiko saio irekiak antolatu ditu Zarauzko Saskibaloi Taldeak Orion. Hain zuzen, ekainaren 5etik 21era bitartean izango dira saioak, astelehen, astearte eta asteazkenetan, Orioko Karela kiroldegian.

LH5. eta LH6. mailako gaztetxoei zuzendutako saioak izango dira - astelehen eta astearteetan 16:30etik 17:30era eta asteazkenetan, 18:00etatik 19:00etara -.

Dohainik izango dira saioak, eta parte hartu nahi duen orok bertaratu daiteke.

Emaitza bikainak
Horrez gainera, ZASTeko kideek aipatu dute aurten ere oriotarrek "oso emaitza onak" eskuratu dituztela ZASTen dauden taldeetan.
 
Gipuzkoako txapeldun izan dira Nahia Agirre, June Ascargorta, Aimar Librada, Unai Quintanilla eta Braden Coon, esaterako beren hiru taldeekin, alebinetan eta kadeteetan. Txapeldunorde geratu denik ere bada infantil nesketan. Horrez gainera, EBA mailarako igoera eskuratu dute Unai Eizagirre, Aitzol Eguskitza eta Mikel Zubizarretak, eta lehen maila nazionalak igoera faseko finaleraino iritsi dira Zubizarreta bera, Andoni Cuenca eta Nikola Rekalde oriotarrak eta Allende Lertxundi aiarra, Iker Gurrutxagaren gidaritzapean.
 
ZASTetik kanpora, aipatu baita ere Juan Parada Oriotarrak Easo saskibaloi taldearekin estatuko txapelketa jokatu duela aurten Huelvan.
 
 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!