Rocka den mira hadi!

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 31a, 10:30
Haika taldeko hasierako laukotea Txema Moranek, Jabi Rodrigok, Juanjo Iparragirre Iparra-k eta Josu Izetak osatu zuten. (Haika taldea)

Orion eta inguruan rocka nola jaio zen ezagutarazte aldera, egitasmo berezia prestatu dute ostiralerako Kultur Etxean: Zestoako Leok'k musika taldeak disko berria aurkeztuko du zuzenean, eta 1970eko hamarkadako mugimenduari buruzko bideoa eskainiko dute, herriko Haika taldeari arreta berezia eskainiz. Hain zuzen ere, Aritz Mutiozabal kazetariak gaia sakonago ezagutzeko erreportajea idatzi zuen maiatzeko aldizkarirako.

Ezin da imajinatu Orio nolakoa zen duela 50 urte. Hau guztia baporez beteta zegoen, eta musika lortzea oso zaila zen. Gu taldearekin hasi ginenean, 14-15 urterekin, hor elkartzen ginen gazte guztiak, Joxe Mari erretegiaren atzean zegoen Mari Karmenen futbolinean. Han musika makina bat zegoen, eta txanpona sartuta Simon & Garfunkel, The Beatles, Rolling Stones eta horrelako musika entzuten hasi ginen". Rockaren lehen haziak borborka ari ziren loratzen nazioartean, baina etxean Ez dok Amairu eta Euskal Kantagintza Berria ziren nagusi, batik bat Xabier Lete, Mikel Laboa eta, nola ez, Benito Lertxundiren ahotsetan. Haika mutil abestia kantaldi haietako ereserki ezagunetako bat zen sasoi hartan, eta herriko lehen rock taldeak abesti hartatik jaso zuen bere deitura. Horrela jaiki zen Haika plazara.

Ez ziren bakarrak izan 1960ko amaieran eta 1970eko hasieran txima luzeak utzi eta gitarra elektrikoak astintzen hasi zirenak. Aipatzekoak dira Azpeitiko Egan, Elgoibarko Expresion Sonora, Zarauzko Sombras Azules, Montis, Fint Glass, Dalton eta Algas, Zestoako Leok’k eta Mini Leok’k, eta Zumaiako Erupcion. Hain justu ere, Leok'k taldeak Bizirik hala ere disko berria aurkezteko aitortza kontzertua eskaini zuen azaroaren 23an Zarauzko Modelo aretoan. "Orduan, iruditu zitzaigun polita izango zela zonalde honetan rockaren inguruan mugitu zen jendea aitortzea", azaldu du taldeko bateria jotzaile David Gorospek. Emanaldi hunkigarri hori herriz herri eramateko asmoa dute, eta ekainaren 2an, ostiralean, Orioko Kultur Etxean egingo dute, 19:00etan hasita; sarrerak 2 euroko balio sinbolikoa izango du, eta ehun lagunetara mugatuko da edukiera.

Leok'k taldearen zuzeneko emanaldiaren aurretik, 1970eko hamarkadako inguruko rock mugimenduaren eta Haika taldearen atzera begirakoa jasotzen duen bideoa emango dute. Garaiko material grafikoa biltzen buru-belarri ari direla jakitera eman du Gorospek: "Sasoi hartako Orioko historia jaso nahi dugu". Argi dagoena da lehenak eta bakarrak izan zirela bolada oso luzez. "20 urtera sortuko ziren hurrengoak, baina kontuan izan behar da mende erdia dela ekin geniola". Zalantza dute herritarrak haietaz oroitzen diren, uste dute baietz, noizbehinka gaia ateratzen delako solasaldietan, baina ez diote aparteko garrantzirik ematen. "Nik neuk ere ahaztuta daukat!", dio erdi-txantxetan Txema Moranek.

Hasiera batean, atzera begirako ekitaldia aprobetxatuta, Haika berriz oholtza gainera igotzeko ideia bururatu zitzaien antolatzaileei. Ideia polita bezain aproposa egoerarako. Taldekideek ez dute, ordea, bideragarri ikusten, "laga genuenetik ez baitugu berriro jo". Ezusteko itzela izango litzateke, zalantzarik gabe. Have you ever seen the rain abesten zuten Creedence Clearwater Revival rockero estatubatuarrek, Haikako kideen talde gogoenetako batek: Ikusiko al dun/k inoiz euria. Belaunaldi gazteagoek ikusiko al dute inoiz Haika zuzenean, ala garai hura bizi zutenen oroimenean geratuko da altxor moduan?

Ukuilua entsegu gela

1971-1972an sortu zuten taldea lagunartean, eta Txema Moran gitarrista, Jabi Rodrigo bateria jotzaile, Juanjo Iparragirre Iparra gitarrista oriotarrek eta Josu Izeta baxu jotzaile zarauztarrak osatu zuten hasierako laukotea. Moranek Zarautzen egiten zituen orduan ikasketak, eta, bertan, Maria Barbararen etxera joaten zen gitarra jotzen ikastera. "Garaiko musikari guztiok handik pasatu ginen. Harekin ikasi genuen denok". Ilusioz ekin zioten, baina garai ilunak ziren: oraindik Franco bizirik zegoen, eta musika tresnak lortzea benetan zaila zen, elektronikako materiala proportzioan oso garestia baitzen. "Ez da gaur egun bezala, oso estandarizatuta dagoela guztia", diote taldekideek. Getarian, Isidoro Alfarok bigarren edo hirugarren eskuko denda bat zeukan, eta handik lortu zituzten haien lehen instrumentuak, gogora ekarri duenez Izetak: "Nire aiton-amonak Goiko kalen bizi ziren, Pilliku plazan, eta haien ukuiluan entseatzen genuen. Gaixoek nola jasaten zuten hura! Egurrezko lur haiekin, eta gu jo eta su entseatzen, kar-kar-kar! Izan genuen meritu handiena da lehenak izan ginela, zeren gerora talde gehiago izan baitira gu baino askoz hobeak. Baina gure meritua izan zen momentu eta giro hartan, zailtasun haiekin, musika talde bat egiteko gai izan ginela", nabarmendu du gitarristak.

Benito Lertxundi, Musika Banda eta orkestinak zeuden sasoi hartan herrian, baina Haika bezalakorik ez. Garaiko rock abestien bertsioak jotzen zituzten, garaiko talde gehienek bezala. "Moldaketak ziren gure ukituarekin, gure nortasunarekin, besterik ez zelako geratzen!", dio erdi barrezka. Izan ere, jende askok haien bitartez entzuten zituen abestiak lehen aldiz. "Beraz, ez zekiten berdin-berdin ari ginen jotzen". Pare bat kanta atera zituzten blues-rock ildokoak, bati Brown Boveri izena ere jarri zioten, Oriotik pasatzen zen tren mota haren ohorez.

Orduko musika taldeentzat "lan ugari" zegoela nabarmendu dute. "Segituan hasi ginen zuzenean jotzen, ezkontza batean ez bazen, plazan izaten zen, bestela sala de fiestas batean. Ondorioz, dirua irabazten genuen, eta horrek musika tresna nahiz ekipamendu hobeak erosteko aukera ematen zigun. Baita azkenerako sosa batzuk jasotzeko ere geure patrikarako. Gaur egun, zailagoa da dena".
 

Kontzertu haiek

Moranek oso gogoan ditu Orion jotako lehen kontzertu haiek; adibidez, sanpedroak baino lehenago tabernariek Loretxoko kalean antolatutakoa. "Jotzera joan ginen eta entxufatzeko tomarik ez zegoen, eta etxe bati eskatu eta besteari eskatu ibili ginen, baina ezinezkoa egin zitzaigun, zeren ez zuten nahikoa indarrik eta plomuak behera erortzen ziren". Beste behin herriko plazan jo zuten, eta material guztia jaisteko furgonetarik ez zeukatenez, herriko gazteak mobilizatu ziren gauzak ekartzeko, eta kontzertua amaitu zenean, atzera, entsegu lokalera eramateko.

Hiru urte inguru iraun zuen taldeak, eta bizipen zoragarriak izan bazituzten ere, akituta bukatu zuten: "Ezkontzetan, bataioetan eta banketeetan jotzeak ez zigun ilusio handiegirik egiten, eta taldekide batzuek baietz esaten zuten, besteok ezetz... Asteburu batzuetan bizpahiru emanaldi ere izaten genituen, eta nekatu egin ginen. Musika jo eta ez gozatzeko, pasodobleak eta baltsak jotzeko, uztea erabaki genuen. Guk rock-and-rolla maite genuen, baina dirua lortzeko bestea egin behar zen".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!