Basurko txistulari-familia

Jose Ignazio Ansorena 2023ko eka. 3a, 18:00

2022ko abenduaren 27an kontzertu bikaina eman zuten Orioko elizan Jose Ignazio Ansorena txistulariak eta Joserra Senperena piano-joleak. Emanaldian, txistuaren eta danbolinaren historia azaldu ere egin zuen Ansorenak. Orion ari zenez, bertako txistulari baten berri eman zuen: Eusebio Basurko Zabaletarena. Bertan zirenetako inork ez zuen haren berri. Geroztik, Ansorenari txistulari oriotar hari buruz
jakingarri gehiago eskatuta, zertzelada batzuk ezagutu ahal izan dira haren biografiaz. Hona hemen Jose Ignazio Ansorenak gaiaz idatzitako iritzi artikulua.

Nire gaztetan txistuaren inguruko lan asko egokitu zitzaizkidan: ikasketen ofizializazioa lortzea, teknika eta metodo pedagogikoak garatzea eta, bereziki txistua beste tresnekin batera aritu ahal izan zedin, afinazio unibertsalaren arrastoan sartzea. Ordu arte txistuak euren bakardadean bizi baitziren. Ba historian lehenengo aldiz, nik dakidala, txistu eta organo-kontzertua Orioko parrokian jo zen, Pilar Olaizola organoan, Jose Olaizola konpositorearen biloba, eta ni neu, txistulari. Egun, oso kontu normala da, baina orduan txundidura sortu zuen. Harrez gero, asko eskaini izan ditut Euskal Herrian barrena; Oriokoa, ordea, lehenengoa.Basurko aita, Frantzisko Basurko Arrieta, Mutrik

uko semea, hamar urtez izan zen hango danbolina, eta beste lau urtez Deban. Beste mutrikuar batekin ezkondu zen, Anizeta Zabaleta Azpiazurekin hain zuzen ere, eta, ordurako Oriora aldatuta bazeuden ere (ustez, herriko danbolina izateko), garaiko ohiturei men eginez, lehen semea sortzeko herrira itzuli zen ama. Horregatik jaio zen Mutrikun 1856ko abenduaren 15ean Francisco Eusebio Basurko Zabaleta. Baina berehala Oriora itzuli ziren. Handik bi urtera Donostiara joan zen familia, bizimodu hobearen bila, eta 1859ko urriaren 1ean, Udalaren txistulari izateko deitu ziren azterketetan parte hartu zuen aitak. Ez zuen lanpostua lortu, epaile zorrotzak zeuden (mahai buru Jose Juan Santesteban maisua) eta hautagaien artean azkeneko jarri zuten. 1861. urtean oraindik Donostian ziren, hantxe jaio baitzen Justa Teresa alaba, maiatzaren 28an. Baina hortik aurrerako anai-arreba guztiak Orion bataiatu ziren: Juan Bonifacio (1862), Ventura Marcelino Ciriaco (1864), Francisco Paulino (1866), Marcelino (1868), Pilar Serafina (1871) eta Fulgencia (1874). Alegia, Eusebio bera txikitandik Orion hazi eta bizi izan zen eta oriotartzat zuen bere burua.

Marcelino anaia ere txistularia izan zela badakigu (izen errepikapenak aurrekoa oso ume hil zela adierazten du garaiko usadioan). Baina Eusebio zen familiako musikari onena. Txikitandik aitaren ondoan hazia zen, aurrenik atabala jotzen eta gero hari bigarren bozean laguntzen. Orioko organistarekin ikasi zuen organo eta pianoa, baita harmonia ere. Ez dakigu non, agian bere kabuz, flageolet delakoa ere bai. Berehala
konturatu ziren maisuak dohainak bazituela eta bide horretan jarraitzera bultzatu zuten.

Donostian bere burua aurkeztu zuen txistulari taldeko bigarren bozean zegoen hutsunea betetzeko 1876. urtean, baita asmoa lortu ere. Orduan finkatu zen Donostian. Urte korapilatsuak ziren eta, hasieran, ez zen hautaketa probarik egin, baina 1878an azterketak deitu eta bera atera zen irabazle. Trinidad García Agote donostiarrarekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten: Raimundo (1883), Dimas (1885), Nemesio Joakín (1886) eta Pilar Remigia (1888).

Donostian berehala hartu zuen musikari fama ona. Zaletasun berbera izanik, Raimundo Sarriegiren adiskide min bihurtu zen. Horregatik, lehen semeari haren izena jarri zioten, eta Sarriegi haurraren aita ponteko izan zen. Raimundo zaharrak gazteari oso obra ederra eskaini zion: Contrapás izenburukoa. Harreman hori zela eta, txisturako beste hainbat lan idatzi zituen.

Raimundo eta Nemesio semeak ere musikari izan ziren. Biak Udalaren txistulari taldean aritu ziren, txistu handia jotzen. Aurrenik Raimundo, 1893an hasita; baina biolin- jotzaile bikaina zen eta, hainbat lekutatik deitzen zutenez, baimenak eskatu behar izan zituen Udaletxean. 1903. urtean Lisboako Teatro Realeko orkestrarekin biolina jotzera joateko, hiru hilabetekoa eskatu zuen eta onartu zitzaion. Beste hainbat aldiz ere bai, eta denetan Nemesio anaiak bete zuen haren ordezkotza. Baimen-eskaerak gehiegitan errepikatzen zirela eta, Udalak azkenean ukatu egin zion, eta Nemesio geratu zen taldean 1910. urte arte. Aitak lanean jarraitu zuen, taldeko zuzendari, batzuetan Julian Unanuerekin txandakatuz, 1921ean hil zen arte.


Eusebio Basurkok Udalak jarritako eginbeharrari erantzunez, txisturako obra asko idatzi zituen. Gehienak genero jakinetakoak: zortzikoak, kontrapas eta minuetoak, balsak, kontradantzak... Baina lanik garrantzitsuenak hauek izan ziren: Guda sustraiko Euskal Dantzari-Soñuak, non jaso zituen eta harmonizatu Gipuzkoako Brokel dantzaren soinuak (Txistulari aldizkariaren 146. zenbakian, bilduma horren argitalpen faksimila agertzen da, 876. orrialdetik aurrera); Artzai kantak, garai haietan jo zitekeen
zailenetakoa eta oraindik txistularien emanaldietan bizirik dagoena; eta berak Vals brillante deitu, baina egun Suharrizkoa izenez ezagutzen dena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!