Erreparazio-fasearen barruan, beste hiru saio antolatu ditu udalak

Andrea Zipitria 2023ko eka. 2a, 14:15

Ekainaren 7an, ekainaren 13an eta ekainaren 19an izango dira saioak. Lehena, kirol-elkarteetako arduradunei zuzendutakoa, eta bigarrena eta hirugarrena, berriz, familiei. Hiru saioetako batean parte hartu nahi duten herritarrek, izena eman beharko dute aurrez. 

Maiatzaren 16an herrian izandako hilketa matxistaren ondoren, Orioko Udalak erreparazio-fasea abiatu zuen. Lehen egunetan hezkuntza-komunitateari eta 16 urtetik gorako herritarrei zuzendutako zerbitzuak aktibatu ziren, eta orain, udaletik iragarri dutenez, beste hiru saio antolatu dituzte. Hain zuzen ere, datozen asteetan, kirol-elkarteentzako eta familientzako hitzorduak izango dira, Sortzen Aholkularitzaren eskutik.

Lehen saioa, kirol-elkarteetako arduradunei eta entrenatzaileei zuzendutakoa izango da, ekainaren 7an. Haurrekin eta gaztetxoekin gaiari nola heldu azalduko dute psikologo espezializatuek.

Hurrengo bi saioak, berriz, familientzat izango dira, euskaraz eta gaztelaniaz emango dira. Ekainaren 13an eta 19an egingo dira, eta adinez nagusiak diren kideek soilik hartu ahal izango dute parte, haur eta gaztetxoekin gaia lantzeko baliabideak eskainiko baitzaizkie gurasoei.

Hauek dira, beraz, hitzorduak:

  • Ekainak 7, asteazkena: 18:30-20:30 (euskaraz) – Kirol-elkarteentzat
  • Ekainak 13, asteartea: 18:00-20:00 (euskaraz) – Familientzat
  • Ekainak 19, astelehena: 18:00-20:00 (gaztelaniaz) – Familientzat
Izen-ematea

Saioak Arraunetxen egingo dira, eta plaza mugatuak edukiko dituzte. Hori dela eta, beharrezkoa da aurrez izena ematea bi formularioetako bat aukeratuz: kirol-elkarteentzako saioa edota familientzako saioa. 

Informazio gehiago behar izanez gero, harremanetan jarri daiteke Ahalduntze Eskolako arduradunekin, ondorengo zenbakira deituta: 623 178 553.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!