Herriko berdeguneak naturalizatzeko proiektua sortu du udalak

Andrea Zipitria 2023ko eka. 5a, 11:00

Orioko Udala eta herriko lorategiak eta berdeguneak mantentzeaz arduratzen den Loraberri enpresa elkarlanean ari dira herriko berdeguneak naturalizatzeko prozesuan. Lau gune aukeratu dituzte proiekturako, eta eremu horietan belarra hazten utziko dute,  intsektuentzat bizitokia bilakatu daitezen.  

Orioko Udala eta herriko lorategiak eta berdeguneak mantentzeaz arduratzen den Loraberri enpresa elkarlanean ari dira herriko berdeguneak naturalizatzeko asmotan. Hala, proiektu bat jarri dute martxan herriko eta inguruko ekosistema hobetzen laguntzeko, gune horietan bizi diren landare eta animalia espezieen ziklo biologikoak errespetatuta. 

Herriko lau gune natururalizazio proiekturako: Anibarko Portuko berdeguneak; Abaromendin, eraikinen artean geratzen den belardia eta espaloian dauden lau palmeren txorkoak; Txanka-Hondartzako bidegurutzean dagoen belardia eta Bikamiotako belardia.

Gune horietan belarra ohi baino gehiago hazten utziko da, pixkanaka, lore basatiak hazten joan daitezen eta tokiko intsektuentzat (hala nola, intsektu polinizatzaileentzat, deskonposatzaileentzat, mikroorganismoentzat…) bizitoki egokia izan dadin. Horrez gain, zuhaitzen inguruko txorkoetan ere loreak landatuko dira, lurra agerian utzi beharrean. Udaletik zehaztu dute landarediari hazten utziko zaion arren, berdeguneak gertutik zainduko direla. Eta haurren erabilerara edo kirolen praktikara bideratutako espazioak bere horretan utziko direla.

Guneak errespetatzeko deia

Herriguneko berdeguneak naturalizatuta, bertako florari eta faunari bizileku egokia eskaintzen zaio. Horregatik, garrantzitsua da gune horiek errespetatzea, eta Udalak horretarako deia egiten die herritarrei.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!