Carmen Gil: "Ni Palentziakoa naiz, baina euskara da gure seme-alaben ama hizkuntza"

Jabier Zabaleta 2023ko eka. 4a, 08:03

Euskara ikasleek egiten duten ahalegina aitortzeko, euskaltegiko ikasleei egindako elkarrizketak argitaratuko ditu Karkara aldizkariak hilabetero, urtea amaitu bitartean, Orioko Udaleko Euskara sailaren eta Orioko AEK Euskaltegiarekin elkarlanean. Hona hemen maiatzeko aldizkarian Carmen Gil Roblesi egindako elkarrizketa.

Carmen Gil Robles Palentzia hirian jaioa da eta orain dela bost urte etorri zen Oriora bizitzera. Gaur egun Orioko euskaltegian dabil, C1 mailako ikastaroa egiten.

Noiz etorri zinen Euskal Herrira? Eta Oriora?

18 urterekin etorri nintzen aurreneko aldiz Euskal Herrira, Donostian ikasi nuen-eta Psikologia. Behin ikasketak bukatuta, batean eta bestean ibili nintzen eta, azkenean, Nafarroan jarri nintzen bizitzen bikotekidearekin. Nafarroako iparraldeko herri txiki-txiki batean bizi ginen, Usunen, Arbaiungo arroilaren ondoan, eta, familia izan genuenean, Oriora etorri ginen, haurrak hazteko toki ona iruditzen zitzaigulako eta oso gustukoa genuelako.

Noiz hasi zinen euskara ikasten? Ikasle denboran?

Ez, ez… Donostian ikasten ari nintzela, ez nuen euskara ikasi. Oriora etorritakoan, ordea, beharrezkoa ikusi nuen: batetik, ni psikologoa naiz eta nire ibilbide profesionala hemen egiteko, garbi neukan oso ondo etorriko zitzaidala euskara jakitea; eta, bestetik, asko gustatzen zait euskara eta oso lagungarria da hemen bizitzeko. Lehenbiziko urtea, hala ere, zoramena izan zen: alaba txikia zen, semeak hilabete gutxi batzuk zituen eta, euskara ikastearekin batera, tesia egiten ere ari nintzen. Oso estresantea izan zen!

Bi urtez ikasi eta gero, UNEDek eskaintzen zuen C1 mailako azterketa gainditu nuen eta, horri esker, unibertsitatean lanean hasi nintzen klaseak ematen. Gero, zoritxarrez, C1 titulu hura ez homologatzea erabaki zuten, eta orain berriro nabil euskaltegian, titulu homologatua ateratzeko. Nahiko amorragarria izan da hori, egia esan.

Bestela, erraza egin al zaizu euskara ikastea?

Oso prozesu polita izan da niretzat. Gogo handia jarri nion, euskara asko gustatzen zaidalako eta nahiko arin egin dut bidea: nire bikotekidea ere euskalduna da, eta Orion erraza da euskara praktikatzea. Euskara ikastea, gainera, oso esker onekoa da, jendeak asko estimatzen du-eta egiten duzun ahalegina. Gaur egun, asko hitz egiten dut euskaraz nire inguruan; nirekin tratua duten euskaldunekin euskaraz egiten dut normalean, kalean, parkean, dendetan…

Eta seme-alabekin?

Seme-alabekin ere euskaraz egiten dut beti. Oso modu naturalean irten zait seme-alabei euskaraz egitea; ez da esfortzu bat izan. Gure seme-alaben ama hizkuntza euskara da, eta ez zait batere kostatu hori hala izatea. Bikotekidea eta biok ere saiatzen gara elkarri euskaraz egiten gero eta gehiago, baina aitortu behar dut hori zailagoa egiten zaigula, azken batean gaztelaniaz ezagutu genuen-eta elkar.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!