Astelehenean hasiko dira moilan oinezkoentzako pasarela jartzeko lanak

Andrea Zipitria 2023ko eka. 2a, 09:33

Sei aste iraungo dute lanek, eta horietatik hirutan trafikoari erabat itxita egongo da pasabidea. Lanak egiteko "ezinbestean" hartu behar izan dute erabaki hori. Kostuari dagokionez, 117.401,71 eurokoa izango da.

Herriko Plazaren inguruko obrei amaiera emango die Udalak udan, oinezkoentzako pasarela jarrita moilan, Bizkarreneko etxearen parean. Lanak astelehenean hasiko dira, eta aurreikuspenen arabera sei astez luzatuko dira. Sei aste horietatik hirutan, trafikoari erabat itxita egongo da pasabidea. Lanak egiteko "ezinbestean" hartu beharreko neurria izan dela azaldu dute udaletik; bestela, "epeak eta kostuak luzatuko zirelako".

Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak otsailean jakinarazi zion Udalari moilan oinezkoentzako pasarela egiteko behar zuen kontzesioa ematen ziola. Lanak adjudikatzeko deialdia egin zuen ondoren Udalak, eta proiektua Uzkue Eraikuntzak SL enpresari adjudikatu zaio. Lanek 117.401,71 euroko kostua izango dute.

Pasarela egin ondoren, guztiz bukatutzat joko du udalak Herriko Plaza oinezkoentzat jartzeko proiektua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!