Konstituzionalaren epaia salatu eta euskaraz lanean jarraituko dutela berretsi dute Uemako hautetsiek

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 7a, 15:07
Espainiako Auzitegi Konstituzionala sententziaren aurka batu dira Uemako hautetsiak. (Uema)

Uemako udaletako 125 alkatek eta hautetsik, tartean eskualdeko zenbaitek, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udalei euskara hutsez funtzionatzeko bidea ezeztatu dien epaia salatu dute gaur, Usurbilen (Gipuzkoa). Halaber, adierazi dute euskaraz jarraituko dutela lanean beraien udaletan. Lege esparru eraberritua eskatu dute, euskararen normalizazioan aurrera egiteko.

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko 125 bat hautetsik agerraldia egin dute gaur, ostirala, Usurbilen (Gipuzkoa), Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udalei euskara hutsez funtzionatzeko bidea ezeztatu dien sententzia salatzeko. Euskal Herri zabaleko udalerrietako ordezkariek bat egin dute, tartean Urola Kosta eskualdekoek. Besteak beste, Azpeitiko Aitor Larrañaga zinegotzia (EH Bildu), Getariako Aritz Alberdi alkatea (EH Bildu) zein hango Aitor Urresti zinegotzia (EAJ), Zarauzko Irune Urbieta zinegotzia (EAJ), Orioko Noemi Ostolaza zein Lourdes Salsamendi zinegotziak (EAJ) eta Zumaiako Aitor Manterola zinegotziak (EH Bildu) parte hartu dute protesta agerraldian.

Udalek euskaraz jarduteko duten eskumena defendatu dute haiek guztiek, eta lege babesarekin edo gabe euskaraz lan egiten jarraituko dutela berretsi dute. "Guk euskaraz funtzionatzen jarraituko dugu; horretarako bide luzea egin dugu eta gure konpromisoa eta nahia hori da", adierazi du Iraitz Lazkano Uemako jarduneko presidenteak; izan ere, Uemako udalek "herritarren hizkuntz eskubideak bermatzen" dituzte. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udalek agiriak eta dokumentuak euskaraz bakarrik egiteko irizpideen aurka egin du; zehazki, Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikulua utzi du bertan behera. Baliogabetu duten artikulua jasotzen duen legea 2016an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, gehiengo zabalarekin, 1982ko Euskararen Legeak berak baino adostasun zabalagoarekin.

Estatus juridiko berria aldarri

"Nahikoa" dela adierazita, euskararen normalizazioan aurrera egiteko "estatus juridiko berria" eskatu dute. Halaber, salatu dute "marra gorri guztiak" gainditu dituela Konstituzionalak azken sententzia horrekin. Lazkanoren arabera, epaiak udalei "eskumena kendu" die beraien barne funtzionamenduan hizkuntzen erabilera arautzeko, eta "muga argi" bat ezarri diete: "Administrazioan gaztelaniaren makuluarekin soilik erabil daiteke euskara. Hots, gaztelaniaz mugarik gabe egin daiteke; udalek euskaraz egiteko aukera izatea, zinegotzien hizkuntza eskubideak errespetatuta, hori supremazia dela dio auzitegiak".

Uemako jarduneko presidenteak gogorarazi du Espainiako Vox alderdi ultraeskuindarraren salaketa baten aitzitik iritsi dela Auzitegi Konstituzionalaren erabakia: "Duela bi urte, Voxek EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo zuen, udalen hizkuntza jarduna arautzeko 2019ko dekretuaren kontra; alegia, dekretua onartu eta bi urtera, eta EAEn batere zinegotzirik eduki gabe". Bigarren urratsa EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak egin zuela adierazi du, "epaileek dekretuaren oinarriaren aurka jo" ondoren. Orain, legearen artikulua baliogabetzeko pausoa eman du auzitegi horrek.

Dena den, Uemako udalentzat erabakia "ez da berria", gogoan baitute gai horri lotuta duela urte batzuk "zer-nolako arazoak" izan zituzten. "Aktak euskaraz egiteko debekuak, udalak Ueman sartzeko trabak... Epaitegien ezpatapean egin genituen urteak". Horrez gain, gehitu dute azkenaldian "kutsu bereko epai bat baino gehiago" jaso dituztela.

Horren aurrean, Uemako ordezkariek adierazi dute azaroaren 4rako Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako Bilboko protestarekin bat egingo dutela. "Euskarak arnasa behar du. Egin dezagun bat, lor dezagun euskararen sustapenean urrats erabakigarriak egiteko lege-esparru eraberritu bat. Badago premia, badaukagu erantzukizuna. Bila ditzagun bideak".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!