Harrera "bikaina" izan du Orioko meskitak antolatutako material bilketak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ira. 22a, 12:41
Orioko meskitako boluntario taldea astebetez goiz eta arratsalde aritu da material bilketa antolatzen. (Orioko meskita)

Marokoko lurrikarak kaltetutako eremura bidaltzeko materiala bildu du Orioko meskitak, eta 200 kaxa inguru bete dituzte.

Irailaren 8an, Richter eskalako ia zazpi graduko lurrikara batek gogor kolpatu zuen Maroko, bi mila hildako eta beste horrenbeste zauritu utziz. Orioko familia askoren sorterria da Maroko, eta gertatutakoaren aurrean, Orioko meskitako komunitate islamiarrak material bilketa antolatzeko beharra sentitu zuen. Atzo izan zen azken bilketa eguna, baina gaur azken kaxak antolatzen ari dira boluntarioak. "Ez genuen sekula horrelako kanpaina bat antolatu eta guztia berria zen guretzat, baina beharrak erakutsi digu zein urrats eman, eta lortu dugu bildutako materialaren inbentarioa egitea eta txukun-txukun kaxetan biltzea. Astearen hasieran furgoneta batek lehen egunetan betetako kaxak eraman zituen Ordizian dugun biltegira, eta orain ari gara gainontzeko kaxak betetzen. Guk eta beste hainbat meskitek bildutako materiala dena batera Marokora bidaliko dugu, eta kaltetutako zonaldean laguntzen ari den gobernuz kanpoko erakunde bat arduratuko da materiala beharra dutenen artean banatzeaz" azaldu du Orioko meskitako boluntario taldeak. Orain arte 200 kaxa inguru bete dituzte.

Herritarrek emandako erantzunarekin "oso pozik" daude. "Ez genuen espero erantzun hau. Hasieran zalantzak izan genituen ez genekielako bilketa puntua non kokatu, baina meskitan bertan egitea pentsatu genuen, modu horretan herritarrek ere meskita ezagutzeko aukera izan dutelako. Orioko komunitate islamiarra herriaren parte da, eta nahi genuen oriotarrek non biltzen garen ezagutzea". Zaragueta Herri Eskolako eta Orioko Herri Ikastolako ikasleak ere joan dira ikastetxeetan bildutako materiala eramatera. "Guretzat oso pozgarria izaten ari da, elkartasuna adierazteaz gain, gure jatorrizko kulturara hurbiltzeko urratsa ere badelako. Hasierako egunetan hunkitu ere egiten ginen herritarrak sartu-ateran ikustean."

Herrikideei laguntza

Lurrikarak Orioko marokoarren familiei zuenean eragin ez badie ere, nabarmendu dute "berdin-berdin sentitzen" dutela "herrikideen mina". "Horregatik behar-beharrezkoa iruditu zitzaigun gure ekarpena egitea eta herrian bilketa antolatzea. Orion bizi garen marokoar gehienak iparraldekoak gara, eta gure familiek ez dute kalterik jasan. Marokoko Al-Hauz probintzia kolpatu du lurrikarak, mendialdean kokatuta dagoen lurraldean. Bestela ere behar gehien duen zonaldea da, eta lurrikarak egoera larrian utzi ditu bertako herritarrak. Horregatik da garrantzitsua ahal den neurrian laguntza ematea".


Material bilketako kaxak Orioko meskitan. (Orioko meskita)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!