Doako autobusa jarriko dute Jordi Savallen kontzertura joateko

Mireia Galarza Bastida 2023ko urr. 30a, 10:00

Emanaldian, musikari kataluniarrak Le Concert Des Nations orkestra izango du lagun, eta bertan Los elementos y las furias proiektua aurkeztuko dute Kursaaleko oholtza gainean. 19:30ean hasiko da kontzertua eta doako autobusa 18:40an abiatuko da autobus geltokitik.

Jordi Savallek azaroaren 14an Kursaalen eskainiko duen kontzertura doako autobusean joateko aukera izango dute Urola Kostako herritarrek. Zarauztik ere eskainiko dute zerbitzua eta interesdunek azaroaren 8a baino lehen erreserbatu beharko dute eserlekua. Horretarako, sarrera erosita izan beharko dute aurrez eta Kursaaleko webgunean egin dezakete. Autobuserako erreserbak, berriz, tokian tokiko udalen bitartez egin beharko dituzte haiek ahalbidetutako helbide elektronikoetara edo telefono zenbakietara deituta. Orioko kasuan, orioturismo@gmail.com posta elektronikoko helbidera idatzi daiteke edo 943-83 55 65 telefono zenbakira deitu.

Emanaldian, musikari kataluniarrak Le Concert Des Nations orkestra izango du lagun, eta bertan Los elementos y las furias proiektua aurkeztuko dute Kursaaleko oholtza gainean. 19:30ean hasiko da kontzertua eta doako autobusa 18:40an abiatuko da autobus geltokitik.

Zerbitzua antolatu duen Kursaalak zehaztu du, dena den, eskaintza bertan behera utziko duela 15 pertsonako taldea osatzen ez bada, gutxienez. Horrez gain, jakinarazi du langabetuek eta 30 urtetik beherako gazteek sarrerak hiru euroan eskuratu ahal izango dituztela, autobusarekin bezalaxe, erreserba eginda. Emanaldiaren egunean bertan jasoko lukete sarrera Kursaaleko leihatilan eta libre geratu diren eserlekuen araberakoa izango da kokapena. Autobusa bertan behera geratuz gero, dirua itzuliko diete azken horiei.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!