Leandro Salvagno: "Hiru domina lortuta erakutsi dugu 2019koa bidegabekeria izan zela"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko aza. 15a, 14:00
Leandro Salvagno Joko Panamerikarretan.

Izatez uruguaitarra da Leandro Salvagno (1984), baina azken urteak Orion eman ditu arraunean. Aulki mugikorra du pasio, eta Joko Panamerikarretan hiru domina lortu berri itzuli da herrira.

Hiru dominarekin itzuli zara Joko Panamerikarretatik Oriora. Zer-nolako lorpena izan da zuretzat? 

Oso garrantzitsua izan da niretzat. Hiru dominetatik bat urrezkoa da, bigarrena zilarrezkoa eta hirugarren bat ere bada, brontzezkoa. Horietatik guztietatik bereziena urrezkoa dela esango nuke, baina ez bakarrik lorpen handiena hori delako. Duela lau urte ere lortu genuen urrea txapelketa horretan, baina orduan kendu egin ziguten domina irabazi eta hogei egunera, taldekideetako batek positibo eman zuelako kontrol ofizial batean, gaixotasun bat tratatzeko botika bat hartzeagatik. Izan ere, lehiaketa batzordeak botika hura ez zuen debekatutakoen zerrendan. Horregatik, aurten erakutsi nahi genuen 2019koa bidegabekeria izan zela. Egia esanda, lortu dugu hori, eta oso pozik nago. Azken finean, Uruguai bezalako herrialde txiki batean Joko Panamerikarretara iristea da kirolari batek izan dezakeen ametsik handiena, eta nire herrialdeko ordezkari izatea benetan garrantzitsua da niretzat.

Guztira, zenbat domina lortu dituzu zure kirol ibilbidean?

Guztira, bost domina lortu ditut Joko Panamerikarretan. Uruguai osoan, ez da halako lorpenik lortu duen arraunlaririk. Kopurua alde batera utzita, nire herrialdean hainbeste urteren aldearekin halako garaipen bat lortu duen arraunlari bakarra naiz; lehen dominatik azkenera arte, hogei urte igaro dira, hain zuzen ere. 

Nola prestatzen zara halako txapelketetan parte hartzeko?

Duela hamabost urte iritsi nintzen Espainiara traineruetan  lehiatzen hasteko [gero etorri zen Euskal Herrira], eta hasieratik bi modalitateak, aulki mugikorra eta tostako arraunketa, uztartu ditut. Trainerua asko gustatzen zait, baina arraunerako dudan pasioa aulki mugikorrari esker lortu dut. Beraz, egunerokoan, goizetan aulki mugikorrean ibiltzen naiz, eta arratsaldeetan entrenatzen dut taldekideekin. Arrauna kirol sakrifikatua da, ordu asko eskaini behar zaizkio. 

Entrenatzeko moduari dagokionez, alderik izango da bi modalitateen artean, ezta?

Bai, noski. Azkenengo hilabetean aldatzen da entrenatzeko modua, batez ere. Aulki mugikorra esplosiboagoa da, eta hankak gehiago erabiltzen dira. 

Atsedenik ez duzu hartzen zuk...

Ez, tostako arraunketa denboraldia amaitu berri jarri nintzen buru-belarri arraunketa olinpikoarekin. Espainiako Txapelketa ere jokatu genuen  eta laukoan lehen postuan amaitu genuen lehiaketa. Argentinara joan nintzen ondoren entrenatzera, eta Joko Panamerikarretarako hamar egunen faltan iritsi ginen Txilera bertara. 

Nolatan amaitu duzu Orion?

Aulki mugikorra izan da arrazoi nagusienetako bat. Gaur egun elkarte gutxik eskaintzen dute aulki mugikorra eta tostako arraunketa egiteko aukera; Orio Arraunketa Elkarteak baditu horretarako azpiegiturak, eta hala iritsi nintzen Oriora, 2019an. 

Orion arraunak berebiziko garrantzia du. Uruguain modu berean bizitzen al da arrauna?

Orion arraunak izugarrizko garrantzia du. Herriari oso errotuta dagoen kirola da, eta esango nuke hori ez dela beste inon gertatzen. Uruguain arrauna kirol minoritarioa da, nahiz eta nazioartean arraunean lortu dituen domina gehien herrialde horrek. Han, futbola da herritarren kirol gustukoena, eta beste guztiak itzalean daude.
2019an Joko Panamerikarretan ere urrezko domina eskuratu genuenean, izugarrizko ongietorria egin zidan Orioko herriak. Uruguairaino iritsi ziren bideo horiek, eta bertako hainbat telebista katetan zabaldu zituzten, Orion arrauna nola bizi den adieraziz. 

Oriora 2019an iritsi zinela aipatu duzu, baina aurrez hainbat izan dira igaro dituzun arraun taldeak.

Bai, hala da: zortzi urte egin ditut Kaikuko traineruan; hiru urtez ibili naiz Zierbenan, eta Astilleron ere bai bi urtez. Momentu honetan aulki mugikorra nire grinagatik praktikatzen dut. Izan ere, esfortzu ekonomiko handia eskatzen du nazioarteko lehiaketetan parte hartzeak.  

Begi bistan da ibilbide luzea duzula arraunaren munduan. Arantzarik ba al duzu gaur-gaurkoz? 

Ez, orokorrean esango nuke ezetz. Niretzako ohore bat da nire herrialdea ordezkatzeko aukera izatea hainbeste urtez. Pozik nago egindako ahaleginarekin eta kirol arloan lortutako guztiarekin. Behin baino gehiagotan pentsatu dut, ordea, txapelketaren atarian geratu nintzen uneaz. Hain zuzen ere, Japoniako Olinpiar Jokoetan parte hartzeko kanporaketa jokatzeko aukera izan nuen, baina nire ustez, ez nuen behar bezala aprobetxatu; ez nintzen oso ondo prestatu, oso gaztea nintzen orduan eta.

Arraun ibilbide luze honetan lagundu dizun norbait aipatu nahi al zenuke?

Bai, eskerrak eman nahiko nizkieke nire familiarteko guztiei; modu batera edo bestera babestu nauten herritarrei, baita Orio Arraunketa Elkarteari ere, nire ametsak errealitate bihurtzen laguntzeagatik. Azken urteetan entrenatzaile izan dudan Jon Salsamendirentzat ere esker hitzak baino ez ditut. Izan ere, asko lagundu dit berriz ere Joko Panamerikarretarako prestaketa lanetan, eta guztia ezin hobeto atera da.  

Aita ere izan zara, orain dela egun gutxi batzuk. 

Bai, hasiera batean Joko Panamerikarretan nintzela izan behar nuen aita, eta hori buruhauste handia izan da niretzat. Garaiz iritsi nahi nuen nire semearen jaiotzara, eta hori ere biribil atera da azkenean, Oriora iritsi eta segituan jaio baita Daren. Egia esan, oso pozik nago orain.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!