Zaharren Babeslekuko taberna-jatetxearen kudeaketa berriz ere lehiaketa atera du Orioko Udalak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko urt. 31a, 16:01
Zaharren Babeslekuko tabernaren sarrera.

Azaroan onartu zituzten zerbitzuaren kudeaketa lehiaketara ateratzeko plegu baldintzak, baina aurkeztu diren proposamenek ez dituzte bete eskatzen ziren zehaztapen guztiak. Horregatik, hutsik utzi du lehiaketa kontratazio mahaiak, eta prozedura berria abiatu du pleguetan hainbat aldaketa eginda.

Orioko Udalak Zaharren Babeslekuko taberna lehiaketa publikora aterako du berriz. Azaroan onartu zituen plegu baldintzak taberna-jatetxearen zerbitzua eta garbiketa eta mantentze zerbitzua lehiaketara ateratzeko, baina bertara aurkeztu ziren bi proposamenek ez zituzten betetzen ostalaritzan izan beharko eskarmentu edo esperientziaren arloan zehaztutako baldintzak. Beraz, hutsik utzi du lehiaketa kontratazio mahaiak, eta prozedura berria abiatu du. Hala, lehiaketaren tramitazio berria urgentziazkoa izango da, eta hautagaiek 15 egun naturaleko epea izango dute proposamenak aurkezteko.

Zaharren Babeslekuko kudeaketaren kontratuak hiru urteko iraupena izango du eta urtero luzatu ahal izango da gehienez beste bi urtez. Gutxieneko kanona lehen urterako hileko 100 eurokoa da BEZ gabe, eta hautagaiek kanona eskaintza ekonomikoan hobetu ahal dezakete; hala ere, 350 euro arte baloratuko da gehienez, eta gainerako puntuazioak hiruko erregela erabilita kalkulatuko dira. Bestalde, lehiaketa berrian hautagaiek gutxienez urtebeteko esperientzia egiaztatu beharko dute ostalaritza arloan arduradun edo zerbitzari gisa, baina eskarmentu horrek ez du izan beharko azken hiru urtetakoa, aurreko lehiaketan zehaztu zen bezala. Ildo horretan, jubilatuen etxeetan edo gisa horretako zerbitzuetan egindako lana ere kontutan hartuko du Orioko Udaleko kontratazio mahaiak.

Bestalde, baloratuko dute jubilatuentzat eta gainerako bezeroentzat egingo den eskaintza: gosariak, bazkariak eta afariak eskainiko ote diren, zer motatakoak eta horri buruzko xehetasun guztiak. Taberna dinamizatzeko antolatuko diren ekimenak ere aurkeztu beharko dira proposamenetan, baita herriko elkarteekin eta batez ere jubilatuen elkartearekin harremana nola antolatuko den. Adjudikaziodunak tabernaren zerbitzurako eskaini ditzaken ekarpenak, eta zerbitzua ematerakoan hizkuntza ikuspegia, garapen jasangarria eta osasun ikuspegia nola uztartuko diren agerian jartzeko adierazleak ere aztertuko dituzte. Titularrekin batera lan egingo duten pertsonen lan egoera ere hartuko du kontutan udalak, eta baloratuko da lan taldean izatea langabezia egoeran dauden pertsonak, desgaitasunen bat dutenak eta gizarte bazterketarako arrisku egoeran daudenak. Kontratazio mahaiak kontutan hartuko dituen beste xehetasunak Orioko Udalbatzak urtarrilaren 25ean egindako udalbatzarrean ezagutu daitezke.

Orioko alkate Anuska Esnalek ostalaritza arloan esperientzia duten herritarrak lehiaketara aurkeztera animatu ditu. "Ostalaritzako profesionalek badute aukera Zaharren Babeslekua taberna jatetxea kudeatzekoa eta ilusioa eta gogoa badute aurkeztera animatu nahi ditugu". Lehiaketa prozesua burutu eta adjudikaziodun berria aukeratu bitartean, orain arte zerbitzua kudeatu duen lantaldeak jarraituko du tabernaren arduradun.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!