Sahararen aldeko janari bilketa egingo dute larunbatean Orion

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2024ko ots. 1a, 14:30
Sahararren bandera Orioko udaletxeko balkoian. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Herriko bi ikastetxeetan janaria biltzen ari dira aste osoan zehar, eta larunbatean herri mailan jasoko dituzte produktuak. Bildutako guztia Tindufeko kanpamenduetara bidaliko dute errefuxiatuen artean banatzeko.

Urtero Sahararen aldeko euskal karabana abian jartzeko dute Euskal Herriko eragileek Piztu itxaropena lelopean, Tindufeko errefuxiatu kanpamenduetan bizi diren milaka herritarrei laguntza emateko asmoz. Horri lotuta, janari bilketa egiten ari dira aste osoan zehar Orion. Ikastetxeetan sentsibilizazio hitzaldiak eskaini dituzte herriko sahararrek beren herrikideen egoera ezagutarazteko eta ikastetxeetan janari bilketak ere abiatu dituzte

Horrez gain, herri mailako bilketa ere egin nahi dute. Larunbatean jarriko dute postua plazan 11:00etatik 13:00etara, eta egunerokoan oso beharrezkoak diren produktuak bilduko dituzte: arroza, dilistak, babarrunak, pasta, hegaluze-latak, sardinak, azukrea, medikamentuak eta konpresak.

Orion ekimena sustatzen ari den sahararren esanetan, "karabana hau oso garrantzitsua da baldintza eskasetan bizi diren errefuxiatuentzat", eta oriotarrak ekarpena egitera deitu dituzte. Izan ere, jasotako guztia Tindufeko kanpamentuetara bidaliko da eta errefuxiatuen artean banatuko da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!