Orioko Eguneko Zentroko langileek elkarretaratzea deitu dute ostiralerako azken murrizketak salatzeko

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2024ko ots. 7a, 10:35
Orioko Eguneko Zentroa gaur goizean. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

LABek salatu duenez, lanaldi osoko lanpostu bat desagertu da eta lanaldi partzialeko bi lanpostu sortu ditu Orioko Eguneko Zentroaren kudeaketaz arduratzen den enpresak, eta aurretik garraiorako zehaztuta zegoen lanpostua lanaldi partzialeko funtzioetara pasa zuten. Aldaketa horiek guztiek langileen "prekarietatea handitzen" dutela salatu dute langileek.

Orioko Eguneko Zentroko langileak mobilizatzen hasi dira azken hilabeteetan zentroa kudeatzen duen enpresak egin dituen aldaketak  salatzeko. Ostiral arratsalderako antolatu dute elkarretaratzea Orioko Herriko Plazan, eta oriotarrak beren aldarriekin bat egitera deitu dituzte. Izan ere, LAB sindikatuak azaldu duenez, "berregituraketaren aitzakiarekin" murrizketak egin dituzte Orioko Eguneko Zentroan. "Orioko Eguneko Zentroaren titularra Gipuzkoako Foru Aldundia da, baina azpikontratazio bidez Biharko Gipuzkoa enpresak kudeatzen du zerbitzua. Urtearen amaieran berregituraketa bat egongo zela esan ziguten, eta aldaketaren aitzakian lanaldi osoko lanpostu bat desagertu da eta lanaldi partzialeko bi lanpostu sortu dituzte", salatu dute langileek.

Aurretik, gainera, garraiorako zehaztuta zegoen lanpostua lanaldi partzialeko funtzioetara pasa dela eta horrek "ordu murrizketa esanguratsua" ekarri duela ere gogoratu dute. Langileek hitz egin dute enpresako zuzendaritzarekin, baina "erabakiarekin aurrera" jarraitu dute arduradunek. "Langileok etengabe esan diegu ez dugula aldaketa onartzen, ezta ulertzen ere. Erabiltzaile kopuru berdina dugu, zentroan ez dago aldaketarik eta langile guztiok lanaldi osoan lan egiteko eskubidea dugula adierazi nahi dugu", azaldu dute argi.

Langileek uste dute lanaldietan egin diren aldaketekin zentroko "partzialtasuna" handitu dela, eta horrek langileen "prekarietatea" handitzea ekarri duela. "Modifikazioaren gainean enpresarekin izan dugun negoziazioan esan dugun bezala, ez dago arrazoi objektiborik aldaketak egiteko. Langileok beti kontuan izaten ditugu erabiltzaileen nahi eta beharrak, baina oraingoan enpresak behar horiei jaramonik ez egitea eta lanaldietan aldaketak egitea erabaki du", kritikatu du sindikatuak.

Horrez gain, salatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak ezartzen dituen ratioek eta lan kargak "asko itotzen" dituztela langileak. "Egoera horretan ezin diogu erabiltzaile bakoitzari gustatuko litzaigukeen adina arreta eskaini, eta presaka ibili behar izaten dugu egunerokoan". Horregatik, azken aldaketak bertan behera geratu daitezen Orioko Eguneko Zentroko langileek antolatzeko eta mobilizatzeko garaia iritsi dela uste dute; gainera, zaintza sektoreko langileek gizartean egiten duten funtzioa ere sozializatu nahi dute, "beharrezkoa iruditzen zaigulako errekonozimendu sozialaren bidez aurrerapausoak ematea". Hala, ostiral arratsaldean 19:00etan Orioko plazan egingo duten elkarretaratzean parte hartzera deitu dituzte oriotarrak. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!