Herriko zaintza eredua aldatzeko proiektua jarriko du martxan udalak

Andrea Zipitria 2024ko ots. 12a, 09:58
Orioko Herriko Plaza. (Orioko Udala)

Herriko zaintza eredua aldatzeko asmoz, proiektu bat jarriko du martxan udalak, Matia Fundazioaren eta Emagin elkartearen laguntzarekin. Herriaren "erdigunean" jarri nahi dute gaia, gaur egun, zaintza "hormen atzean gordeta" dagoela argudiatuz. 'Zaintzak Plazara!' ekitaldia antolatu dute otsailaren 25erako, eta galdetegi bat ere jarri dute martxan.

Orioko Udalak herriko zaintza eredua aldatzeko proiektua jarriko du martxan. Bertatik azaldu dute gaur egun zaintza "hormen atzean gordetako gaia" dela, eta ahaztu egiten dela "guztiok garela zainduak/zaintzaileak une oro, eta pertsonak adina modu, molde eta kolore dituela zaintzak". Horregatik guztiagatik, "sukaldetik plazara" ekarri nahi du zaintzaren gaia, eta herriaren "erdigunean" jarri: "gaur egungo eredua irauli eta zaintzen duen herri bihurtuko dugu Orio". Proiektua udalak egingo du, Matia Fundazioaren eta Emagin elkartearen laguntzarekin.

Horretarako, lehendabizi, zaintza eredua aztertuko da, diagnostiko parte-hartzaile bat egiteko: datuak landuko dira, aurrez aurreko elkarrizketak egin, eta eragileen arteko topaketak antolatu. Prozesu horretan bildutako informazioarekin, plan estrategiko bat diseinatuko da ondoren.

Aldi berean, gaiari "zor zaion garrantzia" emateko helburuarekin, Zaintzak Plazara! ekitaldia antolatu dute otsailaren 25erako. 11:30ean jarri du hitzordua, Herriko Plazan, eta herritar guztiak daude gonbidatuta. Ekitaldiaren inguruko zehaztapenak aurrerago emango dituzte.

Galdetegia martxan

Bien bitartean, zaintzaren inguruko galdetegi bat jarri du martxan udalak, hemen. Galdetegia otsailaren 15era arte egongo da zabalik.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!