Ostiralera bitarte eman daiteke izena maiatzeko artisau azokan

Intza Trula 2024ko api. 2a, 09:27
2022ko artisau azokako irudia. (IƱigo Gaiton)

Maiatzaren 5ean, igandez, egingo dute aurten Orion artisau azoka. 10:00etatik 14:30era bitartean askotariko produktuekin osaturiko postuak jarriko dituzte herriko plazan eta Aritzaga kalean.

Ostiralera arte egongo da zabalik maiatzaren 5ean Orion egingo duten artisau azokan izena emateko epea. Ohikoa den moduan, egunean bertan herriko plaza eta Aritzaga kalea askotariko artisau produktuekin osatutako postuz beteko dute, eta horiek zabalik egongo dira 10:00etatik 14:30era bitartean. 

Euskal Herriko artisau guztiei zuzendutako azoka izango da, baina herriko sortzaileei lehentasuna emango zaie, "beraien lanak erakusteko eta zabaltzeko aukera izan dezaten". Hori horrela, izena emateko eskera orria hemen eskura daiteke, eta parte hartzeko bete beharreko baldintzak honako lotura  honetan daude ikusgai.

Hala, 25 postu baimenduko dira, espezialitate hauetan banatuta:

  • Ogia eta gozogintza: 2 postu
  • Taloak: postu 1
  • Eztia eta gazta: 2 postu
  • Lore-apaindurak eta landareak: 2 postu
  • Bitxigintza: 3 postu
  • Zurgintza: 2 postu
  • Zeramika edo buztina: 2 postu
  • Xaboia eta ukenduak: 2 postu
  • Larrua eta oihalgintza: 2 postu
  • Bestelako eskulangintzak: 2 postu
  • Orio-Aiako eskulangileak: 5 postu.

Azokaren aniztasuna bermatzeko, zozketa egingo da aurkeztutako eskaeren artean apirilaren 10ean, 13:00etan, udalbatzarraren aretoan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!