Osasunaz elikatu

Libe Garmendia eta Beatriz Zulueta 2014ko urr. 29a, 15:59

Montignac, Atkins, Dunkan…ez dira ez, errealeko azken fitxajetak. Abizen horiek gure gizartean hain erroturik dauden izen bereko dieta miragarrien sortzaileak dira. Talde berean sartuko genituzke baita ere, beste hainbat: pomeloarena, paleolitoarena, ilargiarena…Horien sortzaileek, pisua oso azkar eta batere esfortzurik gabe galdu daitekeela sinestarazi nahi digute, sor ditzaketen ondorioei batere erreparatu gabe. Izan ere, oso kaloria gutxi sartzean edota talde bateko elikagaiak debekatzean, gorputza falta zaiona beste modu batera lortzen hasten da. Horregaitik, galdutako pisua ura eta giharretatik hartutakoa izaten da eta ez soberan egoten den gantzetakoa. Ondorioz, galdutako pisua berehala berreskuratzen da.

Gorputzari horrela jokatzera behartzeak kalteak eragiten dizkio. Organismoak asko sufritzen du. Giltzurrun eta gibeleko arazoak, elikadura desorekak, obesitatea… sor dezaketela ikusi izan da. Batez ere luzaroan mantendu eta inongo kontrolik gabe egiten direnean.

Ehundaka ikerketek garbi erakusten dute, pisua modu osasuntsu batean jaitsi eta luzaroan mantendu ahal izateko, beharrezkoa dela jateko ohitura osasuntsuak jarraitu eta bizitza aktiboa izatea.
Eta zuk Bea, zer iritzi duzu honen inguruan?

 

 

Bai Libe, dieta miragarrien artean eta industriak asmatzen dituen elikagai berrien artean, kontsumitzaileari zaila suertatzen zaio jateko osasuntsua zer den antzematea.

Honetaz gain, publizitatea oso indartsua da eta gainera legeak nahiko ahulak dira esparru hauetan. Alde batetik osasuna eta edertasunaren inguruan mezu hainbat eta hainbat bidaltzen dizkigute, eta bestetik iragarkietan azaltzen diren produktu gehienak gantz eta azukre askotariko elikagaienak dira. Noizean behingo kontsumoa gomendatzen den elikagaiena hain zuzen ere.

Hortaz, elikadura osasuntsua sustatu behar da, bai, baina muturreko mezuak bidali gabe. Ez hainbeste estetikari begiratuz, sasoiari baizik. Honela, fruta, barazki, lekale eta zereal integral gehiago jatera animatu behar da gizartea eta ariketa fisikoak gure eguneroko bizitzan duen garrantziaz ere kontzientziatu.
Elikadura osasuntsua eta gorputza mugitzea orokorrean uste baino beharrezkoa da. Oso denbora gutxian frogatu daiteke nola ongi elikatuta egotean, osasunaz bizitzeko, ikasteko, lan egiteko eta gaixotasunetatik babesteko aukera handiagoa dagoen.

Elikadura osasuntsu eta askotarikoa, sasoitsu mantentzeko beharrezkoak diren nutrienteak dituena da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!