Azaroaren 25a

2022an hamasei indarkeria matxista kasu artatu dituzte Orioko Gizarte Zerbitzuetan, eta bat Aiakoetan

Aitziber Arzallus 2022ko aza. 25a, 10:00
(Argazkia: Pixabay)

Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, eta Aiako eta Orioko udalek emandako datuek baieztatzen dutenez, indarkeria matxistak oraindik ere bizirik jarraitzen du bi herrietan. Urtea hasi denetik indarkeria kasu bat artatu dute Aiako Gizarte Zerbitzuetan, eta hamasei artatu dituzten Oriokoetan.

Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, eta Aiako eta Orioko udaletako gizarte zerbitzuek KARKARAri emandako datuek argi erakusten dute bi herriotan ere bizi-bizirik jarraitzen duela indarkeria matxistak.

Iaz, ez zuten kasu bat bera ere artatu Aiako Gizarte Zerbitzuetan; aurten, ordea, bai: emakume batek jo du laguntza eske. 20 urte baino gutxiago ditu emakumeak, hurbileko lagun batengandik indarkeria sexuala jasanda jo du Gizarte Zerbitzuetara eta erasoa salatu egin du.

Orion, askoz handiagoa da Gizarte Zerbitzuen laguntza jaso duten indarkeria biktimen kopurua: iazko azarotik aurtengo azarora, hamasei lagun izan dira. Horietatik hamabik 25 urte baino gutxiago dituzte; hiruk, 25 eta 50 urte artean; eta batek 50 urtetik gora ditu. Biktimetatik hamalauk indarkeria matxista jasan dute, batek bortxaketa jasan du eta beste batek, familia indarkeria.

Duela bi urte, 2020an, hamabi izan ziren Orioko Gizarte Zerbitzuetan artatu zituzten indarkeria kasuak; iaz, sei; eta aurten, hamasei. Gorabehera horien atzean zer arrazoi egon daitezkeen galdetu du KARKARAk Gizarte Zerbitzuetan, eta hona hemen azalpena: "2021eko zerrenda begiratu dugu, eta seme-alabak ez ziren kontuan hartu, horregatik atera ziren sei biktima. Dena dela, uste dugu egokiagoa dela horiek ere zenbatzea, finean biktimak dira, baita legearen aurrean ere, eta aurten eta hemendik aurrera, seme-alabak ere kontuan izango ditugu. Hori horrela, iazko sei biktima horiei seme-alabak gehituko bagenizkie, guztira hamalau izango lirateke biktimak".

Hainbat mobilizazio

Orion, 11:30etan hasita, plazan elkarretaratzea egingo dute Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako ikasleek. Aian, berriz, 19:00etan egingo dute indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzea, plazan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!