Atzo, asteazkena, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Ihobe ingurumen kudeaketarako sozietate publikoak energiaren, klima aldaketaren eta jasangarritasunaren arloko erronkei aurre egiteko laguntza programa aurkeztu zieten Gipuzkoako udal eta tokiko erakundeei. Bilera Donostiako udaletxean egin zuten, eta han parte hartu zuten Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak, Alexander Boto Ihobeko zuzendari nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Gipuzkoako eskualdeetako udal ordezkariek nahiz ingurumen arloko teknikariek.

Aurkezpenean izan ziren, hain justu, Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko (UKUE) presidentea; Alex Oliden Zumaiako Tokiko Garapena, Ekonomia Sustapena eta Turismo batzordeburua; Izaskun Zeziaga Azpeitiko Udaleko Ingurumen teknikaria; Imanol Arrizabalaga Azkoitiko Udaleko Ingurumen zinegotzia, eta Mikel Arregi Zestoako alkatea.

Erreminta-gida izeneko programa aurkeztu zieten eskualdeetako ordezkariei. EEEko zuzendari nagusiaren arabera, programa hori "garrantzitsua" izango dute tokiko eragileek klimaren eta energiaren krisiari aurre egiteko zereginetan. Era berean, tokiko erakundeetan teknikariak kontratatzeko aukera emango duen akordioaren berri ere eman zuten aurkezpenean; izan ere, Lanbiderekin eta Novia Salcedo fundazioarekin egin dute akordioa EEEk eta Ihobek.

Ekitaldiaren amaieran, aurkezpenean parte hartu zuten ordezkari guztiek babesa eman zioten 19a nonahi dago, seinale bat ote? kanpainari. Energia aurreztu nahi duen kanpaina da hori, berogailuen gehieneko tenperatura 19ºC-ra mugatu nahi duena.