Digitalizazioari buruzko lau saio eskainiko ditu UKUEk eskualdeko enpresa txiki eta ertainentzat

Andrea Zipitria 2023ko urt. 31a, 15:38

Otsailean zehar izango dira saio guztiak, eta horien helburua izango da eskualdeko enpresa txiki eta ertainei datuen kudeaketa aurreratuaren esparruan urratsak ematera animatzea.

Digitalizazioa funtsezko alorra bilakatu da enpresen eraldaketarako. Hain zuzen horretarako jarri du abian Udal Elkarteak Ete digitala Urola Kostan egitasmoa, digitalizazioaren alorrean urrats berriak eman ditzaten eta enpresaren baitako data estrategiak garatzeko, gobernantza sistema egokiak ezartzeko eta, funtsean, lan lerro estrategikoak identifikatzeko. 

Eskualdeko enpresei digitalizazioaren inguruko informazioa helarazi eta eraldaketa digitalerako bidean lehen urratsa eman dezaten, lau jardunaldi antolatu ditu otsailean Udal Elkarteak, guztiak online. Saioak otsailaren 6tik 16ra bitartean egingo dira, 9:30 eta 10:30 bitartean, guztiak.

Hona hemen ETE Digitala Urola Kostan laguntza programaren egitaraua:

  • Otsailak 6: nola automatizatu zuen enpresako salmenta prozesuak datuen kudeaketa on bat eginez.
  • Otsailak 9: nola kudeatu zuen enpresako datu guztiak era arin eta automatizatu batean, eta nola sortu kontrol panel automatizatuak.
  • Otsailak 14: negozio digitala eta datuetan oinarritutako marketina.
  • Otsailak 16: nola egin aurreikuspenak adimen artifizialarekin, ETEetan.

Elkarteak adierazi duenez, proiektua %100ean diruz lagunduta dago eskualdeko enpresentzat.

Izena emateko epea, irekita

Izena eman nahi duenak Urola Kostako Udal Elkartearen bidez egin beharko du, 943-89 08 08 telefonora deitu edo enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzita. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!