Kaioen joan-etorria

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ots. 2a, 09:45
Asier Aldalur kaioei argazkiak ateratzen. (Utzitakoa- Asier Aldalur)

Oria itsasadarrean hilda aurkitutako hiru kaioetan hegazti gripea atzeman duten arren, adituak ez daude kezkatuta, negua pasatzera Europa iparraldetik etorritako antxeta mokogorri espeziekoak direlako.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak Oria itsasadarrean atzemandako hiru hegazti gripe kasuek zalantza sortu dute herritarren artean, mundu hori arrotza zaienek ez dakitelako zenbateraino zabaldu daitekeen gaitza. Adituek, ordea, uste dute ez dagoela larritu beharrik, eta kaioetan aditua den Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Zarauzko Arkamurkako kide Asier Aldalur zarauztarrak azaldu du kasu puntualak izan direla. "Uda osoan hegazti gripeak gogor jo du Europa iparraldean, eta hango hegazti kolonietan eragin handia izan du; batez ere zanga eta itsas marikoi handia espezieetan, baita txenada hankabeltza itsas enaran ere. Hemen, ordea, kasu bakan batzuk soilik agertu dira hegaztietan, baina kaioetan gertatzen den lehen aldia da".

2022an, hegazti gripearen 22 foku identifIkatu zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta guztiek hegazti basatiei eragin zieten, hala nola zanga, putre, zikoina eta antzaren espezieei. "Azken asteetako ekaitz gogorren eraginez, ordea, iparraldeko hegazti asko etorri dira Euskal Herri aldera babes bila", eta hegazti gripea atzemandakoak kanpotik etorritako kaioak direla azaldu du Aldalurrek: antxeta mokogorriak, zehatz esateko. Hegazti espezie horrek Europa ekialdean du jatorria; gehienak Polonia, Bielorrusia zein Ukraina inguruetatik etortzen dira Euskal Herrira negua pasatzera. Asier Aldalurrek azaldu duenez, "kaio txiki" bat da eta euskal ibaietan "arruntak" izaten dira negu partean. "Eguna ibaietan pasatzen dute, ur geza gustatzen zaielako, eta gauean lo egitera irteten dira itsasora".

Arkamurkako kideak zehaztu du hegazti haztegietan izaten duela eragin handien hegazti gripearen gaitzak: "Fokua oilategi batean sartzen bada, adibidez, azkar zabaltzen da".

Hegazti gripea

Aipatu gaitzak hegaztiak ahuldu egiten ditu, eta azkenean hil egiten dira. "Ekaitzak gogorrak izaten direnean, mareak hondartzetara ekartzen ditu hildako hegazti dezente. Itsaso zabalean hiltzen dira, eta korronteek itsas bazterrera ekartzen dituzte. Orion hegazti gripearekin agertu direnak mareak ekarritakoak dira. Hemen azaldu dira, baina baliteke askoz ere iparralderago hil izatea". Horiez gain, ekaitz bortitzei aurre egin ezinda hildako kaio gehiago ere azaldu direla adierazi du Aldalurrek. 

Negu partean, herritarrak hondartzetan paseoan dabiltzanean, horrelako hegaztiren bat hilda aurkitzen badute kontuz ibili behar dela nabarmendu dute adituek. "Ez naiz albaitaria, baina ahulduta edo hilda dauden hegaztiak ez da komeni eskuekin hartzea. Birus horrek oso infekzio gaitasun txikia du pertsonengan, baina hilik edo hilzorian egon daitezkeen hegazti basatiak ez manipulatzea gomendatzen dute, eta arrazoiren batengatik ukitu behar badira, babes neurriak hartuta izan behar du, maskara eta eskularru egokiak jantzita". Hala ere, horrelako kasuetan egokiena, 112 telefonoaren bidez, berehala larrialdi zerbitzuei jakinaraztea izaten da, foru zerbitzuek lehenbailehen erretiratu ditzaten.

Kaio espezie ugari

Neguan Euskal Herrian hamar kaio espezie inguru biltzen dira, eta "horietako bakoitzak biologia eta dinamika desberdina jarraitzen ditu", Arkamurkako kidearen esanetan. Batzuk bertakoak dira, eta beste batzuk negua pasatzera etortzen dira, Europa iparraldeko hotzetik ihes eginez. "Kaio hankahoria da bertan kumatu eta ugariena den espeziea, eta guk dakigunez, momentuz hegazti gripeak ez du izan ondorio nabarmenik espezie horretan. Horretaz gain, kaio iluna eta kaio beltza ere hemen kumatzen dira, baina gutxi batzuk daude".  
Neguan, berriz, kaio hauskara, antxeta mokogorria, antxeta hankabeltza, kaspiar kaioa, kaio burubeltza eta beste hainbat etortzen dira euskal kostaldera. "Pausatuta daudenean, elkarrekin multzo berean egon daitezke, baina horietako bakoitzak dinamika desberdina izaten du: batzuk itsasoan bakarrik elikatzen dira; beste batzuk, gure hankahoria bezala, azkenaldian zelaietara joaten dira. Badira pasoan bakarrik egoten direnak ere, eguraldi txarra dagoelako geratzen dira, eta beren bidea jarraitzen dute Afrika aldera". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!