Aiako eta Orioko sei harri-jasotzailek hartuko dute parte ETB1eko 'Harri Herri' saioan

Hara! 2023ko mar. 11a, 09:00
'Harri Herri' saioan parte hartuko dute kirolariak. (ETB)

Martxoaren 27an estreinatuko dute lehia telebistan, eta hiru saioz osatuta egongo da; proba guztiak Abadiñoko probalekuan grabatuko dituzte.

Herri kirola eta batez ere harri-jasotzea oinarri duen Harri Herri saio berria estreinatuko dute martxoaren 27an ETB1en. Txapelketa izaera izango du programak, eta 28 harri-jasotzailek hartuko dute parte bertan –hamasei gizonezkok eta hamabi emakumezkok–, launa taldetan banatuta. Talde bakoitza, gainera, kapitain bana izango du: Orioko bizilagun Joseba Ostolaza eta Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a aiarraz gain, Jesus Gisasola Zelai II.a. eta Luis Mari Telleria ariko dira.

Gainera, Aiako eta Orioko makina bat jasotzailek parte hartuko dute telebistako lehia honetan: Hodei Iruretagoeina Izeta III. a eta Andoni Iruretagoeina aiarrak eta Udane Ostolaza, Aimar Galarraga, Gorka Etxeberria eta Aroa Sanchez oriotarrak. Eta eskualdeko beste hainbat ere izango dira:  Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra, Olaia Esnaola azpeitiarra, Xabier Aranburu Guzta urrestillako bizilaguna, Aimar Irigoien errezildarra, Jokin Eizmendi, Ainitze Zumeta, Lierni Osa, Maddi Gesalaga, Imanol Royo Lartain, Iñigo Eizagirre Eiza, Iraitz Arruti eta Xabat Olaizola zarauztarrak, eta Zarauzko bizilagun Paulo Azpiazu osintxuarra.

Aurkezle lanetan Juanan Legorburu eta Ane Muruamendiaraz kazetariak eta Iñaki Perurena harri-jasotzaile ohia ariko dira. Guztira, hiru saiok – bi finalerdi eta final nagusia- osatuko dute programa, guztiak ere Abadiñoko probalekuan grabatuak. Hain justu ere, bihar jokatuko dute final handia, 19:00etatik 21:00etara, eta publikoak bertan egoteko aukera izango du, doako sarrerarekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!