Antxoa berdelaren aurretik iritsi da euskal kostaldeko portuetara

Andrea Zipitria eta Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 17a, 16:00
Antxoa Getariako portuan, artxiboko irudi batean. (Dorleta Agiriano Lai)

Asteko lehen egunetan antxoa bildu dute eskualdeko ontziek, eta ondoren iritsi da berdela. Izan ere, "arrain harrapakaria" da azken hori, eta antxoa harengandik ihesi ibiltzen da.

Astearen hasieran antxoa izan bada protagonista, herenegun berdela sartu zen euskal kostaldera. Joera hori ohikoa dela azaldu du Emeterio Urresti Getariako Elkano kofradiako presidenteak: "Hain zuzen ere, berdela arrain harrapakaria da, eta antxoa jaten du; aurreko egunetan azken hori bilduta, ageria zen kostalderaino sartuko zela berdela jarraian".

Getariako portura, esaterako, 490.000 kilo berdel sartu ziren herenegun, "tamaina onekoak",  Urrestiren iritziz. Hori ere normaltzat jo du: "Lehenengo aleak betiere handiagoak izaten dira, ondoren etortzen direnak baino".

Antxoa ere mara- mara

Antxoaren kostera hasi zenetik igaro diren bi asteetan euskal arrantzaleek gehien harrapatu duten eguna izan zen asteazkenekoa. Getariako portura, esaterako, 115 tona sartu ziren; euskal kostaldeko portu guztiak aintzat hartuta, berriz, 380 tona.

Gainera, eguneko gehienezko mugara iritsi dira ia ontzi denak; 8.000 kilora, alegia. Horren harira, gogoratu behar da iaz baino antxoa gehiago arrantzatu dezaketela euskal arrantzaleek; izan ere, berdela gehiegi arrantzatzeagatik Europako Batzordeak Espainiari 2013an jarri zion zigorra nabarmen txikitu da 2022tik 2023ra. Zentzu horretan, %17 gehiago arrantzatu dezakete aurten Espainiako bandera daramaten arrantza ontziek, tartean Gipuzkoakoek eta Bizkaikoek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!