23. Korrika

Herritarrek harro altxatu dute Korrikaren lekukoa

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 20a, 10:31

Usurbildarrek gauerdiaren bueltan pasa diete lekukoa oriotarrei Mapil baserriaren parean, eta herria eta erdigunea gurutzatu ondoren, Aitzondotik gora segi, eta azken eragileek Aiako Udalari pasatu diote lekukoa. Korrika iritsi zain, giro paregabea izan da herrian; askok tabernetan nahiz elkarteetan afaldu dute, eta txaranga ere atera da kalera, festa giroa jartzera.

Gau giro ederra zegoen atzo gauean Orion, eta 23:00 alderako jende asko ikus zitekeen plaza inguruan, batez ere Errusta eta Mirotza tabernen arteko eremuan. Askok afaldu zuten kanpoan, izan tabernaren batean, izan elkarte gastronomikoetan, eta adin guztietako herritarrak ikus zitezkeen 23. Korrika iristeko zain.

Batek baino gehiagok erosi zuen aurtengo Korrikako petoa azken unean, aurrera eta atzera zebilen AEK-ko furgonetakoen gonbidapena onartuz.

Zabalik zeuden taberna guztietako pantailetan gauza bera ikus zitekeen: Korrikaren zuzeneko emisioa. Lasartetik igarotzean, bateren batek pentsatu zuen laster behar zuela jende uholde horrek Orion, baina Usurbil aldean jira eta bira ibili ziren, eta azkenerako, batzuei luze egin zitzaien itxaronaldia. Herriko aurrenekoak lekukoa eramaten ere pantailetan ikusi zuten askok eta askok.

Umore ona nagusi, txaranga ere atera zen festa giroa jartzera.

00:30 izango ziren 23. Korrikaren furgoneta errepide nagusian agertu zenerako, eta ziztu bizian sartu ziren plazarantz. Herritar ugari batu zitzaien Usurbil aldetik zetozenei, eta jendetzak egin zuen korrika erdigunean, eta askok jarraitu zuten zubitik Aitzondorantz. Handik gora eraman zuten lekukoa herriko azken eragileek sekulako festa giroan –guztira dozenatik gora eragile–, eta Aiako Udalak jarraitu zuen aldapa gora, lekukoa zarauztarrei emateko.

Beste behin, oriotarrek eta aiarrek erakutsi zuten euskararen alde daudela, eta etxera bidean emakume batek esanda bezala, "orain falta da hemen korrika ibili diren erdiek bada ere eguneroko bizitzan egitea euskaraz eta bultzatzea euskara".

(Argazkiak: AEK eta Onintza Lete Arrieta)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!