Bi urte gehiago egingo ditu Azkuek Bidasoan

Olatz 2014ko mai. 12a, 15:15
Gaur goizean egin dute publiko Jon Azkue oriotarraren kontratuaren luzapena

Bidasoa eskubaloi taldea erreferente da Euskal Herrian, eta bertako presidentearen ustetan, Jon Azkue Euskal Herriko jokalaririk hoberena. Hortaz, oriotarrari ezin die alde egiten utzi. Urte bete luzatu du Bidasoarekin zuen kontratua, beraz, bi urte gehiago egingo ditu Irungo taldean.

Jose Angel Sodupe presidenteak fokua datorren denboraldian jarri dutela kontatu du, izan ere, Asobalen edo B mailan, baina maila ona eman nahi dute. B mailan badaude Bidasoaren jomuga Asobalera igotzea izango da; eta lehenengo mailan badaude, txukun eta indartsu aritzea. Helburu biak lortzeko Azkue bezalako jokalariak beharrezkoak dituztela azaldu du presidenteak.

Presidenteak hitz horiek esatea oso atsegina da. Presioa eman arren, gustura entzuten diren hitzak dira, beraz, pozik nago oso, aitortu du Azkuek. Erabaki hori hainbat arrazoiengatik hartu du oriotarrak. Batetik, hiru urte hauetan jaso duen tratua oso ona izan delako eta taldean eroso sentitu delako. Bestetik, oraindik gaztea dela dio eta 20 urterekin etxetik gertu egotea garrantzitsua dela azpimarratu du. Azkenik, helburua Asobalen egotea dela aipatu du: beheran bagaude, igotzen ahaleginduko gara; eta goran bagaude, mantentzen. Hortaz, Bidasoaren xedea, Asobal liga da eta Azkuek ere liga horretan lehiatu nahi du.

Jon Azkue - bidasoa

Oraindik argitzeko dago ea lehenengo mailan egongo diren ala ez. Izatez jaitsi egin gara eta kontrakoa esan ezean, bigarren mailan jokatuko dugu, dio oriotarrak. Presidenteak, ordea, hainbat talderen egoera ekonomiko kaskarra azpimarratu du eta horrek beraiek lehen mailan geratzea ekarri dezakeela gaineratu du: Ez zuten dirua gastatu dute hainbat taldek, ez dute oso egoera osasuntsua bizi ekonomikoki. Hori dela eta taldeak desagertu daitezke, eta hori geratuko balitz, gu, lehen mailan egongo ginateke. Oraingoz zurrumurruak dira guztiak, beraz, ez dakigu zer gertatuko den. Azkuek dio hori positiboa dela Bidasoarentzat; baina eskubaloiarentzat, aldiz, ez.

Taldeak aurten ez du maila eman, baina beraien helburua datozen denboraldietan indartsuak izatea da. Azken denboraldian ondo ibili ez garen arren, nik, pertsonalki, ibilera oso ona egin dut. Ez nuen uste joko hori egingo nukeenik urte hasieran eta gustura nago emandako mailarekin. Presidenteak ere azpimarratu du Azkue jokalari erabakigarria izan dela aurtengo denboraldian; ekipoari arnasa eta hauspoa eman diona.

Azkueren ustetan kontratua urte betez luzatzea, hau da, Bidasoan bi denboraldi gehiagoz aritzea erabaki zuzena da. Jokalari bezala beti hobetu nahi du eta ahalik eta maila hoberena eman; beti du presente eboluzionatzeko asmo hori. Kontratua berritzea horretarako aukera polita delakoan dago.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!