Bidasoako itzulia Oriotik igaroko da

Olatz 2014ko mai. 5a, 17:29
Ostiralean, itzuliko hirugarren jardunaldia arrantzale kalean hasi eta amaituko da

Ipar Euskal Herrian, Hendaian, emango zaio hasiera Bidasoako Itzuliari; maiatzaren 7an, bihar. Helmuga, ordea, mugaz bestalde izango du, Gipuzkoan, Irunen. Bigarren etapa Hondarribian hasi eta amaituko da; eta hirugarrenean Orio izango da irteera eta helmugaren lekuko. Ostiralean, hortaz, Oriotik pasako da Bidasoako Itzulia.

Oso kontentu gaude Oriotik igaroko delako, ilusio handia egiten digu, aitortu zuen Bixente Lasa Orioko kirol zinegotziak aurkezpenean. Orion hasiko da, Arrantzale kalean. Ondoren, zubitik, Alto de Zudugarai bidea hartuta Zarautzera joango dira. Zarautzetik Getariara eta Getariatik Zumaiara joango dira txirrindulariak. Zestoa, Azpeitia, Errezil eta berriz ere Zarautz igaro ondoren, Oriora ailegatu dira. Ubegun bihurgunea pasa ondoren, Aiara joango dira. Aiatik Oriora bueltatuko dira. Txankatik hondartzarako bidea hartuko dute eta hasierako puntu berean amaituko da lasterketa, Arrantzale kalean. 

42. aldia da Bidasoako Itzulia jokatzen dela. Duela bi urte ere Orion izan zuen helmuga hirugarren etapak, hortaz, ez da berrikuntza Itzulia Oriotik igarotzea. Seguros Bilbao Taldeak pisua du Orion, izan ere, taldeko txirrindulari askok egiten dituzte egonaldiak herrian. Raúl Bosch, esaterako, Orion bertan bizi da, baita Bernardo Ayuso ere. 

Ostiralean Orion ezagunak diren txirrindulariak lehiatzen ikusteko aukera izango da, beraz. Kirol zinegotziak txirrindulari zaleak kostaldera gerturatzera animatu zituen: giro ona egongo da, ziur,  hortaz gerturatu kostaldera. Gu, ahaleginduko gara antolakuntza txukuna egiten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!