Arraunak ez du etenik asteburuan

Olatz 2014ko api. 30a, 15:45

Gaurtik igandera bost estropada jokatuko dira lau herritan

Batel Liga amaitutzat eman zen pasaden asteburuan. Batelak, bai, atseden hartu du; arraunak, aldiz, ez. Gaur hasi eta igandera arte estropadak izango dira han eta hemen. 

Estropadei hasiera Orion emango zaie, ostegunean, maiatzaren 1ean, Gipuzkoako Aulki Mugikorretako ligaren 8. jardunaldiarekin. 16:30etan hasiko da estropada, eta oraingoz, 40 dira programatuta daudenak. Bertan, besteak beste, zortziko nagusiko modalitateko Gipuzkoako Txapelketa jokatu da eta lehian jardungo diren 4 elkarteak Zarautz, Santiagotarrak, Hondarribia eta Orio izango dira. Ontzi honez gain Oriok beste 18 aurkeztuko ditu, maila eta modalitate ezberdinetan arituko direnak.

Larunbatean ere Orio izango dute zita estropadek. Gipuzkoako Trainerillen ligako 5. jardunaldia jokatu da arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Orioko 5 ontzik hartuko dute parte: 3 gizonezkoenak eta bi emakumezkoenak, hain zuzen ere.

Igandean, ordea, Orio ez da estropaden lekuko izango. Getarian, Legution eta Zumaian jokatuko dira estropada; Trainerillen 6. jardunaldia, Euskal Federazioko Aulki Mugikorreko Jardunaldia eta San Telmotako trainerillen estropadak, hurrenez hurren. Getarian bost trainerilla aurkeztuko ditu Oriok, Legution 19 eta Zumaian bi.

Legution Euskadiko Txapelketa jokatuko da zortziko nagusiko modalitatean, eta larunbatean bezala, lehian arituko diren elkarteen artean Orio dago. Santiagotarrak eta Hondarribia izango ditu arerio.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!