Bittor Enbil ZePolitte! elastikoetan

Miriam 2014ko api. 30a, 10:02
Euskal Herriko historian oinarrizkoak izan diren pertsonaien artean, Orioko pilotaria aukeratu dute elastikoak egiterakoan

On JoxeMielen Herritik jasoa, herriari itzuli leloa iparrorratz izanik sortu da ZePolitte.com ekimena. Oinarri historiko eta kulturala duten argazki historikoak erabilita Euskal Herriko iraganari begirada bat botatzea da proiektuaren helburua; atzokoari begiratu eta gaur egungo janzkera ematea, alegia. Sarritan ikusi ditugun irudiak bildu dituzte eta herritarrontzat eskuragarri jarri, internet bidezko kamiseten salmentarekin.

Serigrafia bilakatu dute Bittor Enbilen argazkia

Etxean Messiren parekoak ditugula frogatzen dute elastikoek, Euskal Herriko zortzi pertsonaia historiko ageri baitira; Horien artean, Bittor Enbil –Orio, 1868–. Pilotazale amorratua eta pilotari bikaina zen, errebotean batez ere. Mota honetako pilota jokoaren aitzindaria eta bultzatzailea izan zen, Ipar nahiz Hego Euskal Herrian asko egin zuen errebotearen alde. Ez zuen itzala egingo zion aurkaririk, Iparraldeko jokalari bakan batzuk salbu.

Orion taldea sortu zuen, eta hainbat urtetan herriz herri ibili ziren, plazaz plaza. Baina bere arrakasta handienak Buenos Airesko pilotalekuetan lortu zituen. Baina Enbilek hiru uda nahikoa izan zituen Amerikaz nazkatu eta etxera, Oriora, bueltatzeko. Errebotearen alde lan ikaragarria egin zuen oriotarrak, bizitza guztian pilotari lotua egon baitzen. 1957ko Errege egunean hil zen, 88 urte zituela.

Laburbilduz, Euskal Herriko iraganaren ikuspegi historikoa zein kulturalari begirada bat botatzeko balio du ekimenak. Sarritan ezezaguna zaigun gure gertuko historiaren hedapena eta berreskurapena bultzatu nahi dute horrela. Kamisetak ikusi eta erosteko, egin klik hemen.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!