Laburbira Orion izango da bihar, apirilaren 4an

Olatz 2014ko mar. 31a, 13:00
Euskal film laburrak proiektatuko dira Kultur Etxean, doan

Zazpi film labur Euskal Herritik bira egiten ari dira, Sondikatik Tolosaraino. Martxoaren 14an hasi zen Laburbira, eta Tolosarako bidean geldialdia egingo du Orion, ostiral honetan, gaueko 22:30etan. Kultur Etxean izango da proiekzioa eta ondorengo film laburrak ikusteko aukera izango du bertaratzen denak.

  • Abuztua
    Julenek mugitu ezin den amonaren ardura izango du uda euritsuko arratsalde sargorietan. Egunek aurrera egin ahala, hasierako axolagabetasuna jakin-min bilakatuko da. Kontakizun bat maitasuna eta izuaren mugan.
    Trailerra
  • Aio
    25 urte atzera gertaturikoak…eromenera darama sendi oso bat.
    Trailerra
  • Euskaldun berriaren esketxa
    Robertok izugarrizko borondatea dauka euskaraz jarduteko. Handiegia, antza, batzuentzat…
  • Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa
    Gizon batek hitzak lekuak direla esan zigun. Horrela, sei hilabetez tokiz-toki ibili ginen, euskalki ezberdinetako esamoldeak bilatzen. Bidaia horretan topatutakoarekin sei esapide batu eta hiztegi txiki bat osatu dugu, pantaila hitz irudikatuen eta irudi mintzatuen topagune dela pentsatuz.
    Trailerra
  • Marylin
    Marilyn txakurraren bizitza ez da samurra, kaiola barruan. Egun batean, ordea, argiak itzalak garaitu ditu. Naturaren eskutik zoriontasunera bidaiatu du Marilyn maiteminduak…
  • Plaza bakarra
    Gabonak badatoz. Amalur neskatxa gaztea urduri dago, aurten izango dituen oparien zain baitago. Baina, bere buruan galdera garrantzitsu bat ari da bueltaka… Zein da gabonen jatorria?
  • Sormenaren bide ezkutuak

    Eneko Atxa sukaldariak eta Lara Izagirre zinemagileak sormenaren bideetan barrena eramango gaituzte. Nola egiten da hiru izarreko plater bat? Nola sormen-prozesuari buruzko film labur bat? Elkarren artean hain desberdinak diren bi diziplina horien bestaldera eramango gaituen bidaia. Ikusleari proposaturiko jolasa, bien arteko jolasa, sutondo eta zinemako argi artean jolasturiko jolasa. On egin!
    Trailerra

Laburbiraren helburuetako bat sortzaileen eta ikusleen arteko harremana lantzea da eta, hortaz, film labur horietako baten zuzendaria, Iñaki Beraetxe, kultur etxean izango da, egin duen lana azaltzeko eta ikusleen galderak erantzuteko.

Kasu honetan, Marylin film laburraren egilea da Beraetxe, Goenkaleko Mikel Tximas bezala ezaguna, askorentzat. Pilotarin ere aktore izan zen eta sona handia izaten ari den Ocho apellidos vascos filmeko ere aktore bada.

Guztira 29 herritan emango dituzte laburrak eta emanaldiak ordu eta laurdeneko iraupena izango du. Apirilaren 12an amaituko da film laburren XI. Zirkuitoa. Ostiral honetan, amaitu baina bederatzi egun lehenago, filmak ikusteko aukera izango duzue Orioko Kultur Etxean, musu-truk.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!