Joseba Manterola: "Kontzentrazio faltari aurkariak etenika atera zion"

Olatz 2014ko mar. 17a, 16:06
Berriz ere punturik gabe etxeratu ziren oriotarrak, Txapeldunen Faseko bigarren partidan 1-0 galdu baitzuten Añorgaren aurka

Talde oso gogorra da Añorga. Zelaian ondo mugitzen dira, kolektiboki ondo antolatuta daude eta bakarka teknika oso ona daukate. Donostialdeko bailaratik aukeratutakoa jokalariak dira, hortaz, lehiakortasun handia daukate, azpimarratzen du Manterolak.

Aurreko astean Mariñoren aurka erabilitako sistema berdinarekin jokatzeko asmoarekin atera ziren, 22. minutuan opari bat egin eta gola sartu zien arte. Lehengo astean esandakoa berresten du, futbolean detaile txiki batzuk erabakitzen dutela partidua. Kasu honetan, gure kontzentrazio faltari etekina atera zion aurkariak, dio Manterolak.

Jasotako gola medio, bigarren zatian sistema gogorragoarekin jolastu zuten. Aurkariak nabaritu zuen presioa. Aukerak izan genituen emaitza txukuntzeko, eta lortu ez bagenu ere itxura ona eman genuen. Hortaz, bi sistema hauekin jarraituko dugu jolasten. 

Aldeko emaitza lortu ez arren, kontuan izanik 11 jokalarirekin jokatu zutela partida, gustura etxeratu ziren oriotarrak. Konpromiso handiagoa egonez gero lehiakortasuna handituko zela aitortzen du entrenatzaileak, eta emaitza hobeak lortuko zituztela. Nire helburua talde lana egitea da, eta horrek konprometitzea eskatzen du. Erakutsi nahi diet errespetua izaten taldearekiko, talde kirol batean hori funtsezkoa baita. Batzuentzat hori ez da garrantzitsua, baina Manterolarentzat bai, eta asko.

Hori salbu, taldearen giro polita azpimarratzen du entrenatzaileak. Kirol talde batean jarduteak balore asko hartzen ditu beregain, eguneroko bizitzan txertatu daitezkeenak. Nik horri garrantzia handia ematen diot eta hori bilatzen dut nire jokalarien artean.

Datorren astean atsedenaldia dauka Orioko futbol taldeak. Teknika lantzeko erabiliko du, ziurrenik, atsedenaldia. Lanean jarraitzeko gogoz dago Manterola, eta oro har, Orioko taldea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!