Urruzuno literatur lehiaketan saritua izan da Peru Iparragirre

Karkara 2014ko eka. 19a, 10:21

Sei begirada, begiratzeko modu edo kontatzeko era. Heriotza ardatz hartuta Heriotza(k) olerkia idatzi, Urruzuno literatur sarietara aurkeztu eta saria eskuratu du Peru Iparragirrek aiarrak

Gizartean tabua den gaiaz idaztea erabaki zuen Iparragirrek: Heriotza. Sei eratara tratatu zuen gaia, sei ikuspegitatik landu. Emaitza saritua izan da, 2014ko Urruzuno literatur lehiaketan saria eskuratu baitu Heriotza(k) izeneko lanarekin.

Heriotza(k)

Asko dira gaztetxotan Urruzuno saria eskuratu eta, gero, bide emankorra egin dutenak ahozko edo idatzizko literaturaren bideetan. Horren adibide, Harkaitz Cano, Xabi eta Itxaso Paia, Jon Benito, Gari Berasaluze, Arkaitz Estiballes, Jose Luis Padron… Oriotarrak ere badaude Urruzunoko sarituen zerrendan: Nere Manterola Arostegi, Iñaki Gurrutxaga, Maialen Sarasua Oliden, Ekain Zubizarreta...

Harkaitz Canok honako hitzak idatzi zituen, 2012an, Urruzunoko lan sarituak biltzen dituen liburuaren hitzaurrerako: Sarituen zerrendari begiratu besterik ez dago Urruzuno zer harrobi izan den jakiteko. Sarituetako askok jarraitu dute, aldez edo moldez, literatura, itzulpengintza edo bertsolaritzari lotuta, eta beste askok, kultur kudeaketa eta kazetaritzatik gertu. Geure nerabezaroko gertaera garrantzitsu bezala oroitzen dugu, behin urruzunotar izan ginenok. Boutadea barkatzen badidazue, atzera begiratuta, Urruzuno sariketa garrantzitsuagoa izan zen niretzat Euskadi Saria baino.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!