Eli Huegun: "Orain badakigu zerbait polita egin dezakegula elkarrekin"

Karkara 2014ko uzt. 4a, 15:08

Stars=izarrak. Artea kalean sortu omen zen, eta Euskal Telebistak bere sorlekura eraman du artea. Izarrak bilatu nahi ditu, kalean. Hortaz, distira duten artistak hartu eta kalera atera ditu. Tartean, Eli Huegun aiarra.

Lau urterekin eman zuen Eli Huegun aiarrak Orioko musika eskolan izena. Geroztik musikari lotuta eman ditu ondorengo 19 urteak. Berarentzat une bakoitzak musika jakin bat eskatzen dizu, eta askotan, abesti bat bizi izan duzun momentu baten soinu banda bihurtzen da. Instrumentu berriak probatzea gustatzen zaion arren –pianoa, ukelelea,armonika...–, txiki-txikitatik argi izan du gitarra jo nahi duela. Bere ametsa musikari lotua dago: hegazkina eta gitarra hartu,Estatu Batuetan lurreratu eta kalean jotzea. Atzo, ETBko Izarrak Kalean saioan kalean jotzeko aukera izan zuen.

Daniel Gimenezekin, amezketan jaiotako zarauztarra, batera aurkeztu zen Huegun ETB1eko Stars, izarrak kalean saiora. Haritz Lete eta Maria Amolategik aurkeztutako saioa ostegunetan emititzen da, 22:15etan. Atzo izan zen lehen saioa eta estreinakoz aritu ziren Huegun eta Gimenez, gitarra eta banjoa eskuan, folk eta country estiloko abestiak jotzen.

Biek dituzue gustuko estilo horiek ala zuen arteko oreka musikala bilatzen duzue bi estilo horiekin?

Danik eta nik oso musika ezberdina entzuten dugu, gure ordenagailuetako musika karpetak begiratuz gero ezinezkoa litzateke elkarrekin jo eta abesten dugunik asmatzea. Baina tira, ez dugu gure burua estilo bakarrera mugatzen, eta gitarra akustikoa eta ahotsa oinarri duen abestietan elkar topatu dugu. Guk apropos bilatutako zerbait baino gehiago praktikan jarri dugun kasualitatea izan da: beti jakin izan dugu bioi musika hori gustatzen zaigula eta elkarrekin zerbait egin genezakeela estilo horietara bilduz, baina inoiz serio hartu gabe.

Probatzeko eman omen zenuten izena... hasi berriak edo hastear zaudete orduan? 

Koadrila berekoak izanda, askotan jo izan dugu elkarrekin, baina beti lagunartean eta une goxo bat pasatzeko asmoarekin. Orain artean ez gara hortik pasa izan. Programaren berri izan nuenean, eta hasieran oso ziur ez banengoen ere, Daniri esatea erabaki nuen, eta hark zalantzarik gabe eman zidan baiezkoa. Astebete igaro aurretik eginda geneukan kastingera bidaltzeko bideoa.
 
Helburu zehatzik gabe aurkeztu ginen Izarrak Kalean saiora, eta sorpresaz-sorpresa ibili gara. Sorpresarik handiena, eta orain gehien baloratzen duguna, bikote modura ondo funtziona dezakegula konturatu izana da. Programa amaitu da guretzat, baina beste bide berri bati hasteko irrikaz gaude. Tabernak girotzen hasi nahi dugu, euskaraz eta ingelesez abestien bertsioak egiten. Kalean jotzen jartzea ere pentsatu dugu.

Musika entzutea eta musika egitea ezberdina izango da oso...

Abesti bat entzuteak zerbait sorraraziko dizu barnean, baina abesti bat egiten edo jotzen ari zarenean, zu zara barrua hustu eta zerbait sortzen ari dena. Musika jo dezakeenak bakarrik ezagutu dezakeen sentsazioa da. 
Han hemenka oholtza gainean ibili naizenean, lagunek noiz edo noiz esan izan didate erotuta nagoela, eurek ez luketela sekula horrelakorik egingo. Askori ulertezina zaion arren, une horiek plazerra dira niretzat. 

Zure ametsetako bat kalean jotzea da. Estatu batuetan ez, Hondarribiko kaleetan jo zenuen. Esperientzia polita?

Programan guztia oso trinko agertu bazen ere, egun luzea izan zen, eta azkenerako oso nekatuta bukatu genuen. Baina oso atsegina izan zen. Formatu berria da, eta nik neronek, platoko programa estiloa baino nahiago nuen. Nire bikoteak, Danik, ere bai. Kanporaketa bakoitzean egoera desberdina da, eta ezin duzu ezeren esperoan egon. Publiko mota une batetik bestera aldatuz doa, eta epaimahai modura haiek aritzen direnez, kanporaketa bakoitza ezusteko bat da. 
 
Produkzioan lan ikaragarria egin duten arren, gustatuko litzaidake esatea finaleko kantuan arazo bat egon zela telebistako emisioan, make the world go away abesten ari ginen bitartean. Musika eta ahotsak era independientean grabatu zituzten, eta muntaia egiterakoan, 10 bat segunduko deskonpentsazioa zegoen. Sekulako desastrea egiten ari ginela ematen zuen. Arantza txiki bat geratu zaigu horrekin, gitarra eta banjoaren arteko konbinazioa ez delako behar bezala erakutsi. 

Ametsari helduz... behin kalean jotzearen esperientzia bizita jarraitzen duzu Estatu Batuetako amets hori bete nahian? 

Noski baietz! Estatu Batuen barnealdeak beti deitu izan dit atentzioa: Kansas, Arkansas, Oklahoma, Denver... Louisiana ingurua ezagutzeko ere sekulako irrika daukat. Ez dakit zergatia zein den, baina kotxe zahar bat eta gitarrarekin estatu horietako herri txikietan barrena ibiltzeak zirrara sortzen dit, malenkonia. Dirurik gabe ez nintzateke joango, bankuan ezustekoei aurre egiteko oinarri bat edukitzea ezinbestekoa iruditzen zait, baina inolako luxurik gabe biziko nintzateke. Denbora asko daramat horrekin ametsetan, 15 bat urte nituenetik, eta esperantzarik ez dut galdu oraindik. 

Finalera iritsi zinaten atzokoan. Pena finalean 1.06 eurogatik irabazi ez izana... halaber pozik?

Mugikorrak kendu zizkigutela egia bada ere, esan behar dugu aukera izan genuela etxekoei eta lagunei dei egin eta Hondarribian geundela jakinarazteko. Norbaiti txibatazoa emateko aukera baztertu ondoren, desberdintasun horrekin kalera joateak tripako min handia eman zigun. Ondorengo orduak nahiko goibelak izan ziren. Garbi jokatu genuen, baina horrelako kasuetan zaila da onaren eta inozoaren arteko muga non dagoen zehaztea, besteek zer egin duten ez dakizunean, bereziki. Ondorengo uneetan tonto samar sentitu ginen. 
 
Baina tira, hori guztia ahaztuta dago orain, programa atzean utzi eta ikuspegi berri bati heldu diogulako. Programari eskerrak eman behar dizkiogu arrazoi askorengatik, baina bereziki Danik eta nik behar genuen bultzadatxo hori emateagatik, ez baitakit programara aurkeztu ezean sekula elkarrekin joko ote genuen jendaurrean. Orain badakigu zerbait polita egin dezakegula elkarrekin, eta oso gogotsu gaude bide berri horri ekiteko. Gauza bakarra falta zaigu: kontratatu nahiko gaituen tabernaren bat topatzea!

Saioan abestutako bi kantak

Eli Huegun eta Dani Garciak bi kanta jo zituzten. Lehendabizikoa The Sound of Silence, Simon eta Garfunkel bikotearen folk abestia. Epaitu kaleko jendeak egiten zuen. Dirua bota behar zuen Huegun eta Garciak zuten kutxatxora edo aurkarien kaxara. Epaimahaiak aiarraren eta zarauztarraren alde egin zuen eta finalerako txartela eskuratu zuten.

Eli eta Dani: The Sound of silence

Finalean abestu zuten bigarren kanta, Make the world go away. 1963an Hank Cochranek idatzitako country abestia da hau.

Eli eta Dani: Make the world go away

Saio honen bereizgarria kalea da. Kantariek kalean abesten dute, eta epaimahaia ere kalea da. Finala 1,6 euroko aldearengatik ezin izan zuten irabazi. Dena den, Huegun pozik eta gustura sentitzen da.

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!