Etxeko hondakin arriskutsuak birziklatzeko etxola

Karkara 2014ko uzt. 30a, 06:28

Etxeko hondakin arriskutsuak birzikla daitezke Aian. Horretarako etxola bat jarri zuten uztailaren 28an aparkalekuan Udal Elkarteak eta Aiako Udalak

Uztailaren 28a geroztik Birziklapen etxola dago Aian. Urola Kostako Udal Elkarteak eta Aiako Udalak jarri dute, elkarlanean. Etxola horretan etxeko hondakin arriskutsuak jasoko dira. Urola Kostan jartzen den bigarren etxetxoa da, gehiago birziklatzeko helburuarekin.

Aparkalekuan dago kokatuta etxola, gainontzeko edukiontzien aldamenean. Nahieran erabili ahal izango da, hau da, nahi denean utzi ahal izango dira etxeko hondakin arriskutsuak bertan. Ez du ordutegirik izango.

Etxola metalezkoa da, eta segurtasun handiko egitura dauka. Horman zulo batzuk ditu, eta horietatik sartu beharko dira hondakinak. Txabolaren diseinua Ekograsek egin du, eta ondorengo hondakinak utzi daitezke etxetxoan:

  • Tresna elektriko txikiak
  • Arropa
  • Erabilitako landare olioa
  • Merkuriozko termometroak
  • Pilak
  • Erradiografiak
  • Aerosolak
  • Garbiketako produktuak
  • Tinta eta toner kartutxoak
  • Pintura
  • Motor olioa
  • Fluoreszenteak, kontsumo gutxiko bonbillak