Aiako jai giroa islatzen duten argazkiak

Karkara 2014ko urr. 20a, 08:44

IX. Argazki lehiaketa antolatu dute Aian eta urriaren 24a bitarte egongo da zabalik argazkiak aurkezteko epea

Festa, alaitasuna, kolorea, poza, mugimendua... nola errepresentatu jai giroa? Ariketa hori luzatu dio Aiako Udalak herriari bere IX. Argazki Lehiaketan, Aia jai giroan baita gaia. 

Parte hartzeko ez dago mugarik; adin guztietakoek hartu dezakete parte, baita Aian erroldatuta ez daudenek ere. Argazki kopuruan, ordea, muga jarri dute. Parte hartzaile bakoitzak gehienez lau argazki aurkeztu ahal izango ditu, txuri-beltzean edo koloretan. Argazkiak gaurkoak izatea ere derrigorrezkoa da, 2013 eta 2014 urteetan ateratakoak izan behar dute eta orijinalak izatea ere nahitaezkoa da.

Argazkiak CD batean edo argazki paperean inprimatuta aurkeztu behar dira, 30x20 zentimetrotako neurrian eta formatu horizontalean. Argazki bakoitzak atzean titulua eduki behar du idatzia eta gutunazalean itxita aurkeztu behar dira. Gutunazalaren barruan parte hartzeailearen datuak sartu behar dira: izen-abizenak, jatorria, harremanetarako telefonoa, posta elektronikoa, argazkien izenburua eta data. Argazkiak Aiako Kultur Etxean aurkeztu behar dira urriaren 24a baino lehen.

Sari ugari izango dira, bai Aian erroldatutakoentzat, bai erroldaturik ez daudenentzat. Sariak kopuru berdinekoak izango dira bientzat eta pertsona batek ezingo ditu bi sari edo gehiago eraman.

1. Saria: 180 euro
2. Saria: 150 euro
3. Saria: 100 euro


Argazkigintzan adituak diren pertsonek eta udaletxeko ordezkariek osatuko dute epai-mahaia. Argazki guztiekin erakusketa jarriko da Kultur Etxean eta guztien artean 2015eko egutegia egiteko argazkiak hautatuko dira. 

Lehiaketara aurkeztutako argazkiak Udalaren esku geratuko dira eta horiek erabiltzeko, erreproduzitzeko eta hedatzeko eskubidea izando du egilearen izena aipatuaz.