Gaztain bilketa eta jana azaroaren 9an

Karkara 2014ko aza. 6a, 09:28

Gaztaina eguna antolatu dute Lardizabal Eskolako Guraso Elkartekoek, haurrekin gaztainak bildu eta ondoren jateko

Udazkeneko fruituak ematen dituzten zuhaitzak ezagutzeko helburuarekin, Gaztaina Eguna antolatu du Lardizabal Eskolako Guraso Elkarteak. 17:00etan plazatik abiatuta, haur eta gurasoak gaztainak biltzera joango dira azaroaren 9an, igandean, basora.

Bildutakoa dastatzeko aukera ere izango dute, hainbat herritarren laguntzaz plazan erreko baitituzte itzultzean –eguraldi txarrarekin frontoian izango da–. Gaztaina janean bizikleta bat eta janariz beteriko otar bat zozketatuko dira.

Gaztaina Eguna, eta aurrerago egiten den Talo Eguna, Guraso Elkarteak duela urte batzuk martxan jarritako ekimenak dira udazken eta negu sasoian herrian festa giroa jartzeko helburuarekin. Umeei arbasoen ohiturak eta elikatzeko moduak ezagutaraztea ere bada ekimen horien xedea.