Hausnarketa bateratua egin nahi du Hekimenek

Karkara 2014ko aza. 5a, 11:31

Hekimen elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bilera bat egingo dute gaur, azaroaren 5ean, Bilbon.

Aurtengo udaberrian elkarrekin adostu genuen elkarlan mahaiaren barruan, Hekimen elkarteak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bilera bat egingo dugu gaur, azaroak 5, Bilbon. Bileraren helburua da euskal hedabideek osatzen duten sektorearen inguruko diagnosian sakondu eta hizkuntza politika egoki batek kontuan hartu beharko lituzkeen aldagai guztien inguruan hausnarketa bateratua egitea.

Hekimenen ikuspegitik, behar-beharrezkoa da sektorearen inguruko irakurketa pausatua eta sakona egitea, horrek lagunduko digulako euskal hedabideoi aurrean ditugun erronkei aurre egiten eta sektorea garabidean jartzen. Alde horretatik, Hekimen elkarteak garbi dauka hizkuntza politika egoki batek diru kopuru handiagoak eskatzen dituela, hizkuntzaren garapenerako estrategikoak diren euskal hedabideek egoera larria bizi dutelako, eta Jaurlaritzaren aurrekontu orokorrekiko pisu espezifikoa galtzen ari delako etengabe sektorea.

Bestetik, uste dugu epe luzeko begirada eskatzen duela egoerak. Begiratu behar dugu ze hedabide-sare behar dugun gutxien-gutxienez –arloka eta geografikoki–, eta diru laguntza-politika egoki batek lagundu behar luke gutxieneko egitura hori sendotzen, eta gaur egungo laguntza-politika ez da nahikoa berme horretarako.

Horren ondoren, beharrezkoa iruditzen zaigu adostea hedabide horiek nondik nora garatu behar diren, ze irizpideren arabera: irismena handituz, kalitatea sustatuz, eraginkortasun soziala azpimarratuz, autofinantzazioa landuz, efizientzia areagotuz.

Oinarri hauen inguruan gogoeta zabala behar dugu izan, eta administrazioekin egin behar dugu. Hori egin ezean, nekez garatu daiteke hedabide-sare kalitatekoa, eraginkorra eta askotarikoa.