Sokari tiraka, Euskadiko hoberenak

Karkara 2014ko aza. 26a, 11:26

Azaroaren 29an, larunbatean, arratsaldeko 17:00etan, Euskadiko goma gaineko 4x4 sokatira txapelketa jokatuko da Aiako pilotalekuan.

Aiako Idi Proba Elkarteak, Udalaren babesarekin, sokari tiraka jarriko ditu 19 talde. Gizonezkoetan, 14 talde: Ñapurrak, Sokarrola A eta B, Ibarra A eta B, Baigorri, Marueta, Atzera HK Kluba, Iparralde, Aguraingo STT, Sokarri, Urruña, Txantrea eta 6 Conceyos. Emakumezkoetan, bost: Badaiotz, Bizindar, Gaztedi A eta B, eta Ibarra. Txapelketa arratsaldeko 17:00etan hasiko da, herriko frontoian.

Gizonezkoen talde guztiek 300 kilotan hartuko dute parte. Bi multzotan banatuko dira; lehendabizi zazpi lehiatuko dira, eta ondoren, beste zazpi. Sokari tiratzen lehenak Ñapurrak, Sokarrola A, Ibarra A, Baigorri, Marueta, Atzera HK Kluba eta Iparralde. Bigarren multzoak ondoren taldeak daude: Sokarrola B, Ibarra B, Aguraingo STT, Sokarri, Urruña, Txantrea eta 6 Conceyos.

Emakumezkoak 260 kiloko mailan arituko dira. Kategoria honetan ez dira hainbat multzotan banatuko, bost taldeak multzo bakar bat osatuko baitute.

Euskadiko sokatira talde hoberenak bilduko dira Aian, larunbat honetan, 17:00etan. Orduan erabakiko da Euskadiko hoberena zein den, txapeldunaren txapela nork eramango duen. Sarrera dohainik izango da.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!