.eus

Igor Iturain: "Eguneroko lanak emango dizkigu fruituak"

Karkara 2014ko abe. 3a, 14:31

Euskararen eguna dela-eta, euskarari buruz galdetu diogu Igor Iturain Aiako alkateari.

Euskara osasuntsu ikusten duzu Aian?

Bai, nik uste dut euskarak ez duela arazorik Aian, %95a, gutxi gorabehera, euskalduna baita.

Gazteak kanpora joaten direnean, ikastera-eta, euskara galtzen dute?

Ez dute galtzen; gainera, Aian euskara hitz egiten da eta horrek euskaraz egitera behartzen du.

Eta helduek, euskara hitz egiten dute?

Helduek ere euskaraz egiten dute. Egia da, azken urteetan, erdaldun biztanleak ugaritu egin direla eta erdaraz jendea entzuten dela kalean, baina, nire ustetan, ez da nabarmena.

Kanpotik etorritakoen eragina da hori?

Ez dago kanpotar asko, beraz, ez du eragin handirik.

Gaur euskararen eguna da. Ekitaldi bereziren bat egingo duzue herrian?

Ekitaldia Lardizabal Herri Eskolakoek egingo dute, Udal bezala ez.

Beharrezkoa ikusten duzu egun hau ospatzea?

Nik uste dut beharrezkoa dela, batik bat oihartzun handiagoa izaten dutelako egun jakin bateko ospakizunek. Jendearengana iristeko bitarteko ona da, dena dela, lana egunero egin behar da..

Euskarak 365 egun ekimena dago martxan. Garrantzitsuagoa ikusten duzu proiektu horretan jartzea fokua egunean bertan baino?

Dudarik gabe, hemen lana egunero egin behar da; izan ere, eguneroko lanak emango dizkigu fruituak. Hori da bidea, egunero zerbait gehiago egitea, eta, batik bat, euskaraz dakigunok euskaraz hitz egitea. Egunerokotasunean, posible dugunean behintzat, lehen hizkuntza bezala erabiltzea ezinbestekoa da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!