Eneko Balerdi: "Durangokoa etengabeko estasia izan zen"

Karkara 2014ko abe. 16a, 08:35

Durangoko azokan aurkeztu zuen bere azken lana, Txapeldun. Irabazle baten azalean jarri da dantzaria, eta txapelduna izatea ez dela guztiz gozoa ikusi du. Sentimendu gazi-gozo horiek, gora-beherak, eszenara eraman ditu aiarrak.

Nor da Eneko Balerdi? Dantzari txapelduna?

Ni interpretea naiz, Organik Dantza Konpainiako kidea. Natalia Monje da zuzendaria eta bion artean egin dugu sorkuntza lana. Kontzeptuaren garapenean parte hartu dut, baina ez da nire obra, konpainiak ekoizten baitu.

Txapeldunari zer ikuspuntutatik begiratu diozue edo txapeldunaren zer ikuspegi erakutsi duzue?

Txapeldunaren gaiari heldu diogu Euskal Herritik abiatuta. Euskal Herriko kirolari bat genuen buruan, herri kirolari bat. Euskal testuinguruak eta euskal giroko irudiak, euskal musika eskatzen zuen. Trikia zela egokiena uste genuen eta Kepa Junkerarekin oroitu ginen.

Kepa Junkeraren atea jo eta...

Baiezkoa esan zigun. Proiektuan interesa azaldu zuen eta gure ideiara batu zen.

Txapela janzten duen hori da, txapelduna?

Aurpegi asko ditu txapeldunak, ez soilik garaipenaren arreta jasotzen duen pertsonarena. Momentu horietan txalotua den arren, bakarrik ere sentitzen da askotan. Galtzen duenean, adibidez, bakardadea da gailentzen den sentimendua. Txapeldunak herritarren enpatia ere gorpuzten du, besteen garaipen geure egiten baititugu askotan.

Esperantzaren proiekzioa da askotan txapelduna. Irabaztean gorakada bat sentitzen du. Emozio oso gorabeheratsuak dira.

Obrak ere gorabeherak ditu?

Oso denbora gutxian, garaile sentitzetik garaitua sentitzera pasatzen da. Lur jota sentitzen da batzuetan, galdu egin duelako edo ez duelako uste bezain beste irabazi. Zailtasunak ditu onartzeko galdu egin duela, hortaz, garaikurrak jartzen dizkio bere buruari. Emozioak gorputzetik bizi ditu eta hori obran islatzen da.

Eszenatoki gainean zu bakarrik zaude?

Ni interpreteetako bat naiz. Izan ere, musika interpretatuko dutenak ere oholtzan izango dira. Kepa Junkera egongo da, baita Sorginak taldeko bi sorgin ere: Irati eta Eneritz.

Bestalde, eszenografiaren parte diren elementu oso gutxi erabiliko ditut.

Durangoko Azokan estreinatu zenuten Txapeldun lana. Nolakoa izan zen?

Oso sentsazio onak izan nituen. 4 hilabetetako prozesua izan da eta ordubete nuen lan hori guztia plazaratzeko. Txapeldunaren azalean jarri naiz denbora honetan guztian, eta emozionalki oso gogorra izan da, bakarrik sentitu bainaiz.

Durangon, ordea, emozionalki bizia izan zen oso. Oso polita izan zen. Estasi etengabea izan zen. Oso entregatua nengoen eta oso pozik geratu nintzen. Hori bai, emozio horien erruz, objektiboki aztertzea zaila egin zait.

Aztertu... hobetzeko? Nahiz eta obra estreinatu, hobekuntzak egiten dituzue?

Lana gorpuzten joaten da emanaldiz emanaldi. Modu natural eta organiko batean, eszena eta diskurtsoa kohesionatu egiten dira, sendotu. Interpretearen bidaiatzeko modua indartu egiten du behin eta berriz egiteak. Saiotik saiorako aldaketak ez dira bortitzak, baina garapen naturalak heldutasuna ematen dio.

Hemen inguruan saiorik egingo al duzue?

Gustatuko litzaidake, asko gainera. Oraingoz lotuta bi emanaldi dauzkagu, bata Zornotzan eta bestea Gasteizen. Biak martxoan. Gainontzean, azoketan aurkeztuko dugu, eta antolatzaileei gustatu ezkero programan sartuko gaituzte.

Gustatuko litzaizuke, orduan, etxetik gertu dantzatzea?

Gipuzkoan emanaldiak egiteko aurreikuspena daukagu. Izan ere, Organik Konpainiak orain arte ez du euskara izan proiektuetako hizkuntza bakarra, hortaz, ez da horrenbeste gerturatu Gipuzkoara. Lan hau euskaraz da, horrek Gipuzkoan emanaldiak eskaintzea erraztuko duelakoan nago.

Eneko Balerdi, Txapeldun

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!