Aholku merke eta optimistak

Eli Lasa 2014ko abe. 29a, 10:19

Egunkariei begiratu bat emanez, gorbatadun lapur ugari eta ia egunero beste berri bat zerrendako eta bukatzeko itxurarik gabe –zein nazkatuta gauden!–;  futboleko afizionatu izeneko astakilo bortitzak elkarri joka norbait hil duten arte;  politikoak dagoenekoz hasita Olentzero lanetan hau eta bestea promestuz eta beste alderdietakoak kritikatuz – traineru batean jarriko bagenitu, gauza izango ote lirateke denak alde batera arraunen egiteko edo bira eta bira ibiliko ziren ziba bat bezala inora heldu gabe, hainbeste aldiz ikusten dugun bezala?– krisia bukaezina eta bere ondorio lazgarriak egunero islatuta… Desanimatzeko modukoa!

Ez ote dago zerbait onik? Mmm, ba bai, badaude gauza batzuk. Adibidez, langabezia zertxobait jaitsi da; CAFek  beste kontratu handi bat sinatu du tren berriak egiteko –zer nahi duzue esatea, niri poza ematen dit horrelakoak irakurtzea tarteka; eta inoiz erbestean tokatu izan zaidanean metro edo trenen batean sartzea eta CAF izena irakurtzea,  irribarre txiki bat ateratzen zait–.

Janari bilketa ere egin da iaz bezala eta berriro ere frogatu da bihotz onekoak garela.  Antolaketa lan ikaragarria, adin guztietako boluntarioak denak helburu berarekin eta jendeak ahal zuen neurrian bere ekarpena eginez, zirraragarria.

Eguberriak iristear daude. Egoera onena ez bada ere iradokizun batzuk eman nahi dizkizuet, agian norbaiti balioko diotelakoan.

Utz ezazue telefonoa poltsaren barrenean eta soinurik gabe aurrean daukazuenari begietara begiratu eta entzuteko –ama, zuk ez,  ahaztuta edo hala komenita? Horixe egiten duzu eta!–. Eta bakarrik bazaudete eta irakurtzea gustuko baduzue, jakin ezazue liburutegiak dohainik direla eta orain gainera e-liburutegia ere badela, ehunaka liburu, disko eta aldizkari eskura dituzula. Eta taldean egiteko ekintzen garaia ere izan daiteke: mahai jokoak, puzzle erraldoi bat koadrilan egitea, ibiltzea joatea –mendira, Orioko barrara edo Getariako bidera–,  aspaldian idatzi ez duzun postal bat bidaltzea –txorakeria dela? Eta zuk jasoko bazenu zer ?–.

Txikiak badira ere, ilusiorako arrazoiak aurkitzeko gauza izan gaitezen. Eguberri On!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!