Imanol Illarramendi: "Gertukoen babesa izango dut, baina baita nerbio gehiago ere"

Karkara 2015ko urt. 16a, 14:49

Imanol Illarramendi –Aia, 1984–, Kortaberri ezizenez, herriko festetako saioan aritu zen lehen aldiz harria jasotzen, duela hiru urte. Ordutik, arra ezin kendu dabil aiarra eta igandean lehen aldiz aterako da plazara

 

Zerk bultzatu zintuen harria jasotzen hasteko?

Duela hiru urte hasi nintzen harria jasotzen, festetan, lagunartean. Festetarako entrenatzen nuen eta gero utzi egiten nuen. Baina, gustatu, eta jarraitzea erabaki nuen. Gainera, giro ederra dago taldean eta horrek eragina izan du nire erabakian.

Santioko lokaletik plazarako saltoa emango duzu igande honetan.

Ez nuen asmorik, egia esan. Festibal polita izango da; Idoia eta Jokin marka ofizialak ontzen ahaleginduko dira. Guk, atsedenaldia betetzeko, harria jaso behar genuen. Ostolazak marka pertsonala egiteko erronka bota zidan; eta nik, onartu egin nuen.

163ko zilindro zaharrarekin marka pertsonala egiten saiatuko zara igandean.

Joseba eta bion artean adostu dugu zer harrirekin egingo dudan. Orain arte ez dut horrelako altxaldirik egin. Baina, entrenamenduetan probatu dut eta gustura sentitu naiz. Santion harria jasotzeko gai banaiz, zergatik ez Aiako probalekuan? Nire burua gai ikusten dut, baina oso urduri jartzen naiz, eta horrek guztia zailtzen du. Dardarka jartzen naiz, nerbioak dantzan izaten ditut. Baina, tira, orain arte lana ondo egin dut.

Urduritasuna da, hortaz, izan dezakezun trabarik handiena.

Dudarik gabe.

Zure herrian izateak are urduriago jartzen zaitu?

Berezia izango da, baina alde onak eta txarrak ditu etxean izateak. Ezagunez inguratuta egongo naizenez, ongi atera ezkero, poza biderkatu egingo da. Baina, aldi berean, horrek urduri jartzen nau. Inork ezagutzen ez banau lasaiago egoten naiz. Gertukoen babesa izango dut, baina baita nerbio gehiago ere...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!