Guztiek ondu dute marka

Karkara 2015ko urt. 19a, 12:57

Errekorrak egin dituzte asteburu honetan Etxeberriak eta Eizmendik, 138 kiloko zilindroarekin eta Euskadiko Harri Handien Txapelketako harriekin, hurrenez hurren. Kortaberrik eta Maizak marka pertsonalak egin dituzte.

Lau harri-jasotzaile eta lau erronka: bi marka pertsonal eta bi marka ofizial. Guztiak lanak ondo beteta etxeratu ziren, guztiek ondu baitzuten marka.

Marka ofiziala Etxeberriak eta Eizmendik

138 zilindro zaharra jasotzen lehena izan nahi zuen Idoia Etxeberriak; eta lortu du nahia, hiru aldiz jaso baitzuen hamaika arroako harria bost minutuko tartean. Laugarren jasoaldia ere egin zuen, baina epaileak baliogabetu egin zuen.

Errekorra ezarri zuen Etxeberriak, Jokin Eizmendik ere. Euskadiko Harri Handien Txapelketako lau harri jaso zituen: 225 kiloko harri errektangularra bi aldiz altxatu zuen, 200 kiloko harriari lau jasoaldi eman zizkion, 175 kiloko kubikoa hiru aldiz eta 150 kiloko bola beste lau alditan. Harri bakoitza altxatzeko bi minutuko tartea izan zuen Eizmendik.

Marka pertsonalak Kortaberri eta Maizak

Marka pertsonala ondu zutenak Imanol Illarramendi eta Jon Ander Maiza izan ziren. Kortaberri lehendabizikoz atera zen plazara, estreinakoz. Etxekoen babesa presioa ere bazen aiarrarentzat, baina taxuz bete zuen lana. 163 kiloko zilindroa lau aldiz jaso zuen, bost minutuko epean. Jon Ander Maizak ere lan txukuna egin zuen 150 kiloko harria bost aldiz jasota.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!