Zabal-zabalik dituzte eskolako ateak

Karkara 2015ko urt. 22a, 10:00

Otsailaren 2tik 13ra da matrikulazio kanpaina. Gurasoren batek eskola ezagutu nahiko balu, telefonoz deitu eta hitzordua adostea besterik ez du egin behar.

Ez du aurkezpenik behar. Andatzako eskola itxi ostean, Aian dagoen eskola bakarra da. Kasko-kasoan dago. Txikitasunean handi, baina txiki geratu zaiena. 2015-2016 ikasturteko matrikulazioaren ostean puzzlea osatu beharko dute, beste behin. Baina, horrek, ez die larregi arduratzen, urtebeteren buruan eraikin berria izango baitute.

Ez dute aurre-matrikulazio kanpainarik egiten, herrian ezagunak izateaz gain, ez baitute konpetentziarik. Horrek buruhausteak arintzen dizkiete, bestela haurrak gurera etortzeko kanpaina polit bat egin beharko genuen eta. Gure kezka matrikulatzen diren haurrak ikasgeletan antolatzean datza, nola mugitu pieza guztiak puzzlea osatzeko. Belen Zabalak kontatu du gainontzean ez dutela data hauetan aparteko lanik egiten haurrak erakartzeko.

Gutunak bidaltzen dituzte haur jaio berrien etxeetara. Kasko inguruan bizi diren etxebizitzetara bidaltzen ditugu, matrikulazio noiz den jakin dezaten.  Andatza auzoko eskolaren itxiera nabaritu zuten, ordutik haur kopurua handitu egin baita. Orain, hara ere bidaltzen ditugu eskutitzak, azaldu du Zabalak. Guztira, 20 gutun bidali ditugu.

Aurreikuspenen arabera, 18 haur izango dira matrikulatuko direnak. Kasu horretan, nahiago genuke 19 balira. Izan ere, 19 haurrekin bi irakasle izateko aukera daukagu; bestela, ez. Eta, Lardizabalgoei egokiago iruditzen zaie kopuru horren bueltan bi geletan banatu eta irakasle bana izatea. Baina, hori guztia ezingo dute jakin matrikulazio epea itxi arte.

Otsailaren 2an hasi eta 13an amaituko da izena emateko aukera. Matrikulatu aurretik eskola ikusi nahi duen gurasoek ez dute oztoporik izango. Ez ditugu ate irekien jardunaldiak antolatzen, eskolako ateak uneoro zabal-zabalik ditugu etorri nahi duenarentzat. Hori bai, eskatzen dugun gauza bakarra aldez aurretik telefonoz deitzea da, honela hitzordua finkatzen dugu eta behar dituzten azalpenak emateko. Gurasoek ez ezik, aiako haur guztiek dituzte eskolako ateak zabal-zabalik.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!