Euskal Herriko Itzulia

Joxemari Aierza: "Bizikleta eta aisialdia lotzen dituen zerbait egin nahi dugu bizikleta astean"

Karkara 2015ko mar. 19a, 10:00

Euskal Herriko Txirrindularitza Itzulia aurten Aian amaitzen dela-eta bizikleta astea antolatu dute herrian. Hiru ekintza nagusi egongo dira, martxoaren 26an, 27an eta 29an.

Euskal herriko itzulia dela eta antolatu duzue bizikleta astea.

Hori da. Itzulia dela eta sekulako zalaparta egongo da herrian egun horietan, herri erdia mugituko dugu bata dela eta bestea dela. Eta esan genuen: zergatik ez diogu honi beste etekin bat ateratzen, bizikleta ardatz hartuta zerbait antolatuz?

Zenbat ekintza antolatu dituzue?

Hiru ekintza egongo dira. Gure asmoa ahalik eta publiko zabalena hartzea eta kirol profesionaletik pixka bat aldentzea zen. Bizikleta eta aisialdia lotzen dituen zerbait egin nahi genuen.

Martxoaren 26an, ostegunean, Koldo Zubizarreta dator hitzaldia ematera. Urteak daramatzate berak eta bikotekideak munduan zehar bizikletarekin ibiltzen, eta 2013 amaieran asia inguruan egin zuen bidaiaren bideo polit bat egin du. Interesgarria iruditu zitzaigun bizikleta astea horrekin hastea. Bizikletaz bidaiatzea beste modu batera bidaiatzea da: erritmoa, jendearekiko eta inguruarekiko harremana...

Hurrengo egunean, umeek oporrak hartzen dituztela aprobetxatuz, eskolarekin antolatu genituen ekintzak: Eneko Etxebarrietak 3 eta 8 urte bitarteko umeentzako antzezlana emango du, eta 9 urtetik gorakoentzako ikus-entzunezko bat ere bai. Egun horretan bertan bizikletarekin lotutako zirkuitu edo ginkana bat ere antolatu nahi dugu.

Azkenik, igandean, martxa zikloturista egingo dugu. Hau kirol-zaleago direnentzako da, txirrindulari itzuliaren bukaerako ibilbide berdina errepikatu nahi dugulako.

Aian bizikleta-zale asko al dago?

Beti egon da zaletasuna. Azken aldi honetan bolada bat izan da, nik uste dut Aian bertan baino Euskal Herri osoan. Euskaltel taldearen sorrerarekin, azken hamarkadatan, txirrindularitza-zaleak asko hazi dira. Askotan antolatu dira irteerak Tourreko etapak ikustera joateko, adibidez. Aurten, gu joan beharrean, beraiek etorriko zaizkigu Aiara.

Zer ekarriko du Aiara itzulia hemen bukatzeak?

Mugimendua, batez ere. Bi edo hiru komisio daude guztia antolatzen, eta boluntario asko. Aia, azken finean, eremu txiki bat da, eta itzuliak ekarriko duen jendetza antolatzeko lan asko egin behar da.

Bizikleta, kirolaz gain, garraiobide osasuntsua da. Garrantzitsua da hori sustatzea?

Bai, hori da batez ere bizikleta astearen helburua. Kirol bezala –eta kirol profesional bezala– ongi dago, baina bizikletari berari etekin handiago atera diezaiokegu. Badu beste alde bat, aisialdirako, garraiorako, naturarekiko harremana lantzeko... Gure orografia ez da egokiena bizikletaz zentzu horretan gozatzeko, baina hori indartzen saiatzen gara. Urtean zehar, adibidez, bizikleta irteerak antolatzen ditugu guraso elkartetik eta kirol elkartetik, umeekin bizikletan joateko. Kultura hori nahi dugu sustatu bizikleta astearekin, kirolaz gain, gauza gehiago eman bait ditzazke bizikletak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!