Ate joka dago Aiako IV. Mendi Lasterketa

Karkara 2015ko mar. 11a, 17:38

Argazkia: Aitziber Ibarbia, iazko irabazlea

350 korrikalarik hartu dezakete parte. Egunean bertan eman daiteke izena, baina lehenago egitea gomendatzen dute antolatzaileek.

15 kilometro mendian barrena, korrika. Gora eta behera. Gailurrik altuena 720 metroko altueran, punturik baxuena 264 metrotakoa. 11:00etan hasi, eta, gutxi gorabehera, ordubete irauten duen mendi lasterketa izango da igandean Aian, IV. Aiako Mendi Lasterketa.

Ibilbideak 14,59 kilometro izango ditu orotara, eta herriko plazan hasi eta amaituko da. Ondorengo irudian ibilbidea ikusten da, eta bertan markatuta daude bideguneak, bidegurutzeak, tontorrak, anoak eta ur-jauziak.

Izen ematea martxoaren 13an amaitzen da, etzi, gaueko 23:59ean. Dena den, egunean bertan ere eman ahalko da izena 20 euro ordainduta.Parte hartzaile kopurua mugatua da, 350 lasterkaritan dago muga. Hortaz, izena aldez aurretik ematea gomendatzen dute antolatzaileek.

Izena emateko ezinbestekoa da 1935 eta 1999 urteen artean jaiotakoa izatea, hau da, 16 urtetik gorakoa izatea eta txipa izatea. Txipa ez duenak izen ematean erosi beharko du, 15 euro ordainduta. Txipa duenak 13 euro ordaindu beharko ditu.

Arropa jasotzeko zerbitzua izango da, lasterketa hasi aurretik, plazan bertan. Amaitutakoan dutxatzeko aukera ere izango da, bai frontoian, kultur etxean eta igerilekuan.Korrikalari guztiek izango dute opari bat, herriko produktuez osatutako otarra. Baina, sari berezia egongo da lehen hiru gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat. Iaz lehen aiarrak Mikel Iruretagoiena eta Nerea Amilibia izan ziren; eta, lehen oriotarra Garikoitz Lizarralde izan zen.

           

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!