Euskal Herriko Itzulia

Perez de Nanclares eta Zubizarreta: "Guretzat ez dago bidaiatzeko modu hobeagorik"

Karkara 2015ko mar. 25a, 08:25

Ainhoa Perez de Nanclares eta Koldo Zubizarretak Indian hasi eta Filipinetan bukatu zuten bidaia azalduko dute biharko hitzaldian: Mundua bizikletaz Asian. Arratsaldeko 19:30ean izango da, Aiako kultur etxean. Urte osoko bidaia ordu bete inguruan azalduko dute.

Zer erakutsi nahi duzue Aiako emanaldian?

Aiako emanaldian 2012ko irailean Indian hasi eta 2013ko abuztuan Filipinetan bukatu genuen bizikleta bidaia aurkeztuko dugu: India, Nepal, Myanmar, Thailandia, Kanbodia, Laos, Txina, Tibet, Japonia eta Filipinetan, urte osoan zehar, ezagututako hainbat jende, paisaia, kultura, bizipen… kontatuko ditugu.

Zaila egin zaigun arren, urte osoko bidaia ordubetean laburtu dugu eta argazki, bideo, mapa, musika eta narrazioaren laguntzaz jendeak gurekin bidaiatu dezan nahi dugu Asiako txoko ezberdinak ezagutzeko.

Bizikletan bidaiatzeak zer ematen dizue?

Guk asko baloratzen ditugun bi gauza gertutasuna eta askatasuna dira. Herrialdea gertutik, den bezala, ezagutzeko aukera ematen digu, onerako eta txarrerako. Herrialde beroa bada bero hori bizikleta gainean pairatzen dugu. Maldatsua baldin bada maldan gora jo eta su ibiliko gara eta maldan behera gozatuko dugu. Herrialdea txiroa bada gure larrutan biziko dugu txirotasuna, janarian, lotarako tokitan... Herrialdean errepide onak baldin badira primeran eta txarrak baldin badira...

Jendearen harrera ere beroagoa dela esango genuke. Herrixka batetara izerditan eta zikin iristea edo auto edo autobusetik jaisten iristea oso ezberdina da. Jendeak baloratu egiten du egiten ari garen esfortzua. Askotan harritu egiten dira, jakin-mina pizten zaie eta galdezka hasten zaizkigu.

Bizikletaz bidaiatzeak toki turistiko eta ezagunetatik at ibiltzeko aukera ematen digu eta horretara behartzen gaitu. Autobusez egun batean egiten den distantzia bizikletaz hiru, lau edo auskalo zenbat egunean egin behar dugu. Horrek gida-liburuetatik kanpo dauden hainbat eta hainbat herri eta txokotan geratzea behartzen gaitu, gehienetan beste atzerritarrik eta turistarik geratzen ez diren tokiak. Toki horiek turismoaren eraginetik kanpo daudenez herrialdea benetan nolakoa den ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen digu. Hori bai, prestatuak dauden tokiek duten erosotasunik ere ez dugu aurkituko.

Honekin guztiarekin lotuta askatasuna dago. Guk nahi bezala antolatzen dugu bidaia, beste inolako garraioren menpe egon gabe. Herrialde batzuetan, beste inolako ibilgailurik iristen ez den txokoetara iritsi gaitezke. Autobusez edo trenez ezin zara edozein momentutan geratu argazkia ateratzera, nekazariarekin hitz egitera, haur bat agurtzera...

Eta azkenik, nola ez, merkea eta osasuntsua da.

Asiako bidai hartatik, zer geratu zaizue gogoan? Zein momentu?

Momentu berezi asko daude eta zaila egiten zaigu bat aukeratzea baina bidaiaren gorabeherak ondo laburtzen duen egun berezia gogoan dugu. Txinan geunden eta eguna oso gaizki hasi genuen obretan zegoen errepide batean, goiz osoa lokatzetan, euria goitik behera, eta hau guztia gutxi balitz ,kanbioak apurtu zituen Koldok. Arratsaldean, nekatuta, lokatzez beteta sekula piurarekin Yiyuanyang hirira iritsi eta ostatu bila geundela, bat-batean bizikleta denda batetik oihukatzen hasi zitzaizkigun hurbiltzeko esanez. Bitan pentsatu gabe hurbildu eta egun osoko penak desagertu zitzaizkigun, zuritik beltzera. Ostatua bilatu, afaltzera gonbidatu ziguten eta parrandan bukatu genuen beraiekin. Hurrengo goizean bizikleta konpondu ziguten eta azkenean egun bat gehiago geratu ginen beraiekin. Honek erakusten digu momentu txarrenean ere, jendea eskuzabal agertzen dela laguntzeko prest.

Zaila al da bizikleta bidaia bat prestatzea?

Gaur  egun, guretzat ez da oso zaila. Normalki bidaia bat egiten ari garenean hurrengo urteko bidaiari buruz pentsatzen hasten gara, herrialde desberdinei buruzko ideiak botatzen. Gero gida-liburua eta mapa lortu, eta ibilbideari buruzko proposamenak sortzen dira. Egia esan, gaur egun internetekin asko erraztu dira gauzak. Munduko edozein txokori buruzko informazioa aurki dezakezu eta gehienetan bizikletaz egondako norbaiten informazio oso baliagarria. Bidaiatzen hasi ginenean ez zegoen hainbeste informazio. Bidaia egingo dugunon artean hitz egin, herrialdea eta ibilbidea adostu eta normalki Aste Santu ingururako hegazkineko txartela erosten dugu. Urteetako esperientziarekin asko ikasten da eta nahiko erraz doaz gainontzeko prestaketak.

Hilabeterako bidaiatu edo urtebeterako bidaiatu, antzeko gauzak daramatzagu gainean, azkenean alforjetan toki mugatua dago. Taldean goazenean, bilera bat egin eta lanak banatzen ditugu: kontu mekanikoak, botikina, argazkien ardura, kanpin-denda… elkarlana oso garrantzitsua gure bidaietan.

Bizikletan bidaiatzen jarraitzeko asmorik ba al duzue?

Bai, noski! Osasunak laguntzen digun bitartean bizikleta gainean bidaiatzen jarraituko dugu. Uda honetan adibidez, India iparraldeko Himalayan bi hilabete eman ditugu eta Hego Amerikara bueltatzeko gogotsu gabiltza,  ideiak ez zaizkigu falta.
Gure emanaldiarekin jendea bizikletaz bidaiatzea animatu nahi dugu. Baten batek buruan ideia hori baldin badu, dudarik gabe aurrera egin dezala. Ez zaigu kontua gehiegi idealizatzea gustatzen, baditu bere alde zailak eta gogorrak, baina guretzat ez dago bidaiatzeko modu hobeagorik. Ez zara oso urrunera joan behar, Euskal Herrian bertan ibilbide ugari daude bizikletan alforjak jarri eta egun batzuetan bidaiak egiteko.

Frogatu eta gustatuz gero... mundua zabala da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!