Goazen zuhaitzak landatzera!

Izaskun Arizeta 2015ko mar. 31a, 13:11

Mendi hegal batean luizia gertatuko da bertako materialen oreka apurtzen bada. Deforestazioa izan daiteke adibide garbia.

Etxetik atera eta edozein bide bazterretan luizia! Hasi Txurrukatik, errepide nagusia igaro eta Andazarreteraino! Aspaldi gertatutako luizia areagotua, errepide nagusian semaforoa aurki genezake  luiziagatik eta Andazarrateko errepidea errusiar mendi bat izango balitz bezala topatu dugu!  Normalean ez dira oso espektakularrak eta katastrofikoak izaten, Azagrakoek ziurrenik ez dute holakorik esango! Azagran, 1856an 11 hildako, 1874an 92 hildako eta 1903an eta 1946an bina hildako. Hori bai, milioitako gastu ekonomikoa ekartzen dute luiziek. Baina zergatik gertatzen dira? Mendi hegal batean luizia gertatuko da bertako materialen oreka apurtzen bada eta grabitatearen eraginez material horiek mugitzen badira. Deforestazioa izan daiteke adierazitakoaren adibide garbia. Zergatik, baina, beharrezkoak diren zuhaitz hauek moztu? Baratzean itzala ematen dutelako?  Udazkenean kainuak hostoz betetzen dituztelako? Orbela irristakorra bihurtzen delako euriarekin? Sustraiek galtzada-harriak altxatzen dituztelako? Egurrezko mahaia egiteko? Papera lortzeko?... Auskalo!


Batek daki, baina kontuak kontu zuhaitzak mozten ditugu. Zuhaitzik gabe lurzorua babesik gabe geratzen da. Horrela, euria egiten duenean, ura lurzoruak dituen poroetan sartzen da, urez beteta dagoenean mendi hegal horrek gehiago pisatuko du, ezegonkorra bilakatuko da eta azkenean erori egingo da. Noski, mendi hegalaren egonkortasunean beste hainbat faktorek ere badute zerikusia: terrenoaren ezaugarriak, harriak aske dauden ala ez, hausturak egotea, arroken gogortasunak, gizakiak… Eta zer egin luiziak ez gertatzeko? Baso berritze politikak? Basoko suteen aurka borrokatzea? Plan urbanistikoek ezegonkorrak diren mendi hegalak kontutan hartzea? Drainatze lan egokiak? Euskarri lanak? Auskalo!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!